Amezti

Amezti, argitu gabeko gai iluna

Karkara 2015ko mai. 29a, 12:31

Amezti baserriaren berreirakuntza hautsak harrotzen ari da. Iritzi ezberdinak daude gaiaren inguruan, eta horiek bildu ditugu.

Tamailendin egiten ari diren etxebizitza baten eraikuntzaren bideoa bolo-bolo dabil sarean. Ikus-entzunezkoak dioenez, duela hilabete batzuk hiru solairutako etxebizitza eraikitzen hasi ziren Talaimendin, Amezti baserriaren alboan. Ingurugiroari kalte bisuala egiteaz gain, NNSS Aiako arau munizipala hausten duela dio. 

Soka luzeko istorioa

Sorburua 2010eko irailaren 1ean duela dio bideoak. Aiako Udalak Amezti baserriaren birgaikuntza onartu zuen egun horretan. Baserriaren birgaitzea toki berean egin behar dela eta baserria itxura berarekin utzi behar dela gaineratzen du. 76.2 artikuluaren arabera, eraikin berriak oraingoaren 50 metroko eremuan egon behar du. Eta, eraikitzen ari diren eraikina 350 metrora dagoela argitzen du bideoak. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren 2/2006 legeko 28.4 artikuluak eraikin berriak zaharraren arkitekturara egokitu behar duela dio. Eta, 30.3 artikuluak berreraikitzen den eraikinak, gehienez, aurrekoaren bolumena eduki behar duela dio. 

Urte betera, 2011n, Maite Garrastazu baserriko jabea, Zarauzko zinegotzi izendatzen da, EAJtik. Bi urtera, 2013ko urtarrilaren 22an, Aiako Udalak aurretik emandako lizentzia modifikatzen duela azaltzen du. Zehazki eraikiko den baserriaren tokia eta bolumena dira eraldatzen diren datuak, eta aurrekoa eraisteko baimena ematen da. 

Alkatearen erantzuna

Finean, bideoaren egileak errua EAJri botatzen dio, eta, Igor Iturain Aiako alkateak sare sozialetan iritzia eman nahi izan zuen. Honela zioen: Atzo arratsaldetik sareratzen ari diren bideoaren inguruan, Amezti inguruan altxatzen ari diren etxebizitza dela eta, alkate bezala bi gauza ditut bakarrik esateko. Batetik, legediak esaten duena errespetatuz eman dela baimena; eta, bestetik, Gobernu Batzordea osatzen dugun bi alderdiak, EAJk eta Bilduk, aho batez onartu genuela.

Hori ziurtatzeko, Gobernu Batzordeko akten argazkiak igo zituen Iturainek sare sozialetara. 2013ko urtarrilaren 22an egindako bilkuraren akta da igo zuen dokumentua. Bilkura horretako batzarburua Iturain bera izan zen eta batzarkideak Asier Ibarguren, Marije Arruabarrena, Aritz Arruti, Aitzpea Elgarresta eta Asier Egaña. Bigarren puntuan heldu ziote Amezti baserriari.

Labur esanda, 2010eko irailaren 1ean eman zen berreraikitzeko lizentzia. Ondoren, proiektua modifikatzeko asmoa azaldu zela ere jartzen du aktan. 2013ko irailean urbanismo txostenaren berri eman zela dio, non plano bat eta proiektu bat entregatu behar zirela zehazten zuen eta ordura arteko baliogabeko eranskinak zakarretara botatzea agintzen zuen. Entregatu beharreko proiektua ordura arteko Amezti baserriaren suntsiketaren ingurukoa zen, baita pabiloiaren ingurukoa ere. Udaleko arkitektoak eguneratutako informazioarekin txostena egiten du. Txostenean, besteak beste, Amesti zaharra botatzeko proiektua gehitzea proposatzen du. 

Ondorengoa aho batez onartu zen:

  • Lizentzia ematea obrak egiteko. Eraikin berriaren proiektua Marina Lertxundi eta Maialen Mayozek idatzi zuten, 2011ko irailean. Obrak egiteko  litzenzia eman baino lehen, aurreko eraikina eta pabiloiaren –nezkaritza eta abeltzaintzara zuzendua– zati bat botako da.
  • Pabiloiaren zati batek bere horretan jarraituko zuenez, paisaiari lotutako inpaktua gutxitzeko, zuhaitzak jarriko dira.
  • 572.483,34 € bideratuko dira I.C.I.O eraikin berrira

EH Bilduren azalpenak

EH Bilduri Amezti baserria berreraikitzeko baimena eman zenean, berei lizentzia emateko txosten sektorial guztiak zeudela eta aldekoak zirela jakinarazi zitzaien. Lanek izan duten garapena ikusita, txosten eta informazio hori eskatu zuten eta ukatu egin zieten. Apirilaren amaieran, lanen garapena ikusitakoan, batzordetan gaiari buruzko informazio eskaerak egin genituen: espedienteari buruzko azalpenak eta txosten juridikoa eskatu genituen. Biak ukatu zitzaizkigun.

Eta ondorengoa gaineratu dute EH Bilduko kideek: Gaia lehertu denean, egon litezkeen balizko irregulartasunak argitzen saiatu ordez, irregulartasun hauen ardura Aiako EHBilduko kideona ere badela esan du. Aurrerantzean ere, orain arte bezala, auzi hau argitzeko lanean jarraituko dugu Aiar guztiok eskubide eta betebehar berberak ditugula ziurtatuz.

Argitu gabeko gaia

Iritzia eman dute Aiako Udalean dauden bi alderdiak. Batetik, Igor Iturainek EAJren izenean eta, bestetik, EH Bildu alderdiak. Iritziak iritzi, gaia oraindik korapilatuta dago. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!