Amezti

Ameztiren birgaitzeak hautsak harrotzen jarraitzen du

Karkara 2015ko eka. 9a, 15:34

Amezti baserriaren berreraikuntzan hainbat lege hausten direla dioen txosten bat aurkeztu du Gipuzkoako Aireko Kirolen Federazioak

Amezti. Talaimendin erortzeko zorian aurkitzen den baserria. Hasieran birgaitu behar zutena, baina orain berreraikitzen ari direna. Isilpean hasi eta hautsak harrotzen amaitu duena. Gero eta aurkako ahots gehiago dituena. Azkena, Gipuzkoako Aireko Kirolen Federazioa.

Ez parapentean, ez oinez

Orioko hondartzatik hainbatetan ikusi daitekeen argazkia da parapente egiten duten lagunena. Azkenaldian, ordea, ekialdetik ikusi ditugu salto egiten, mendebaldetik pasoa itxi diete eta. Bidea itxi hesiak jarri dituztelako. Eta hesiak, Amezti baserriaren berreraikitze lanetan daudelako.

Gipuzkoako Aireko Kirol Federazioko kideek Talaimenditik parapentean ibili ezin zutela eta, gaiaren inguruan janzten, informatzen eta ikertzen aritu dira. Eta kaltea beren afizioa han ezin praktikatzetik harago doala aitortu dute. Kaltea, beren ustetan, naturari eta ingurumenari egiten ari baitzaio. Horren ondorioz, espedientea aurkeztu dute Aiako nahiz Zarauzko Udaletan, baita Itsasertzeko Zuzendaritzari ere.

Txostenean diotenaren arabera, hainbat dira Ameztiren berreraikuntzan hausten diren legeak. Guztia duela bost urte hasi zen, Aiako Udalak Amezti baserriaren birgaikuntza onartu zuenean. Eta, ordutik, emandako pauso bakoitzak zalaparta sortu du, bereziki azkenaldian, han inguruan ibiltzen direnek itxitura ikusi dutenean –bai oinezkoek, bai aireko kirolak egiten dutenek–.

Arau-hausteak arrazoitu nahian

Gipuzkoako Aireko Kirol Federazioaren txostenaren arabera, Amezti erortzear dagoen eraikin tradizionala da, urbanizaezina den eremuan kokatzen dena. Eraikinaren berreraikuntzak arau oso zehatzak bete behar ditu, eta kirol federazioko kideek ikertu dutenaren arabera, ez ditu betetzen.

Batetik, baserria tokiz aldatzen dutelako berreraikuntza prozesuan. Eta hori, legez, egin daiteken arren, eremu jakin baten barruan kokatu behar da. Jatorrizko baserritik, gehienez, 50 metroko distantziara egon behar du; eta eraikitzen ari diren eraikina jatorrizkoarengandik 175,34 metro lerro-marratura dago.

Bestetik, jatorrizko eraikinaren itxura mantendu behar du berreraikitzen denak. Aurrekoarekin identifikatu behar da, bai ala bai.  Ezin du bolumen handiagoa eduki; gehienez, aurrekoaren tamaina eduki behar du.

Proiektu berriak eraikin familiabakar edo bizileku-eraikina izan behar du. Definitu egin behar da berreraikiko den horrek izango duen erabilera. Federaziokoen arabera, ez da horren gaineko azalpenik ematen. Eta, gainera, eraikinaren arkitektura ikusita, ustee dute eraikinak ez duela izan behar duen erabilera izango. Antza proiektuaren diseinuak hamaika logela bikoitz ditu, bakoitza bere komunarekin. Espazio komunak ere izango ditu, hau da, zerbitzu bati bideratuta diseinatuta dagoela dirudi. Federazioko kideek diotenez, gutxienez 22 pertsona sartzen dira bertan, behar baino gehiago.

Federaziokoen ustetan, azalpen argirik gabeko ustezko bizileku-eraikuntza honen itzalean turismora bideratutako eraikin bat dago. Hotel, aterpe edo ostatu bat. Hori egiteko asmoa dutela gaineratu dute, eta horretarako erortzear dagoen baserria berreraikitzearen aitzakia erabilten dutela.

Itxitura jarri dutela ere esan dute, ipini ezin zen tokietan. Izan ere, udalaren baimenik gabe jarri da jabetza publikoko itsas-eremu eta lur-eremuetan. Bide-zorretan ere jarri da hesia; erabilera publikorako bidean, alegia.

Obrarekin amaitzeko eskakizuna

Arau-hauste horiek ikusita, Gipuzkoako Aireko Kirol Federazioak lanak egiteko lizentzia kentzea eta obrak gelditzea eskatzen dio Aiako Udalari. Eta Aiako Udalari ez ezik, dokumentuak ere aurkeztu dizkie Zarauzko Udalari nahiz Itsasertzeko Zuzendaritzari, honekin amaitu nahi baitute.

Arazoa indarra hartzen hasi zenean Igor Iturain Aiako alkateak sare sozialetan zabaldu zuen bere iritzia eta Aiako EH Bilduk Karkarako komunitatean azaldu zuen bere jarrera. Iritzi kontrajarri horiei Aireko Federazioarena batu zaie. Badirudi gaiak hautsak are gehiago harrotuko dituela.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!