Zarauztik Aiara doan krosa

Karkara 2015ko eka. 11a, 10:20

Ekainaren 14an, igandean, XIX. Zarautz-Aia herri krosa izango da.

Goizeko 11:30ean Zarauzko Kale Nagusiaren ondotik abiatuko dira korrikalariak. Hamaika kilometro izango dituzte aurretik, Aiako plazan bukatuko diren hamaika kilometro gogor. Joan den urtean 39 izan ziren lasterketa egitera animatu ziren korrikalariak; iazko kopurua berdindu edo hobetu nahi dute aurten.

Orain arte denbora onenak gizonezkoetan Fizek eta emakumezkoetan Aranburuk egin dituzte; 36:30 eta 45:07, hurrenez hurren. Marka horiek hobetzen dituztenek 1.000 euroko saria jasoko dute. Horrez gain, lehen hiru sailkatuek ere saria izango dute. Irabazleari txapela jantziko diote eta, horrez gain, forum dendan gastatzeko bono bat eta Aiako kutixiak emango zaizkio. Ondorengo bi sailkatuei bonoa eta kutixiak emango dizkiete. Lasterkari guztien artean zozketak ere egingo dira.

Lasterketan parte hartu nahi duenak bi modutara egin dezake. Batetik, herrikrosa.eus webgunean sartu eta hamar euro ordainduta; edo, bestela, egunean bertan, 10:00etatik 11:00k arte, hogei euro ordainduta.