Eskola egun hunkigarria

Karkara 2015ko eka. 15a, 09:14

Ikasturteari amaiera biribila eman diete Lardizabal Eskolakoek, baina, batzuentzat, Aiako eskolako azken ikasturtea izan da eta agur esan behar izan diete eskolako ikasle eta langile guztiei, hunkituta.

Aiako probalekua herri probetarako erabili ordez, larunbatean Aiako Lardizabal Eskolako ikuskizunerako erabili zen. Eszenatoki horretan ikasleek egindako dantzez eta kantez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Txiki txikienetik hasita ikasle helduenetaraino, guztiek hartu zuten parte emanaldian.

Ikasle helduenek malko artean amaitu zuten emanaldia, penaz, Aiako eskolan egin duten azken ikasturtea izan baita. Orain aldaketa heltzen da, Zarautzera joango dira, eta horrek sorrarazten dizkieten emozio gazi-gozoak bertso bidez kontatu ostean hunkituta gelditu ziren. Eta, are gehiago bihotz-ukitu ziren, irakasleek erantzun gisa kantatutako esker-bertsoekin. Bertso horiek paperean idatzita oparitu zizkieten.

Emozioa bor-borka zegoenean, guztiek batera Lardizabal Eskolako kanta abestu zuten. Ondoren, eskolara itzuli ziren ikasturtea laburbiltzen duen argazki sorta ikustera. Eta, hori eta gero, mahaiaren bueltan eseri eta guztiek elkarrekin bazkaldu zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!