Bost eguneko San Juan jaiak Iturriotzen

Karkara 2015ko eka. 17a, 08:28

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Ekainaren 19an hasiko dira festak eta ekainaren 25ean amaituko dira. 

San Juan jaiak izango dira Iturriotzen. Egun seinalatua ekainaren 24a den arren, festak lehenago hasiko dira, ekainaren 19an. XIII. Guztira bost eguneko jaia izango da, 19ko asteburua, San Joan eguna eta ekainaren 25a hartuko dituena.

Ostiralean hasiko da festa, XXII. mus txapelketarekin. Izen ematea egun berean zabalduko da, 21:30ean eta txapelketa ordu erdira hasiko da, 22:00etan. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu eta sari potoloak egongo dira irabazleentzat. Txapeldunak txapela, garaikurra, Argiñano jatetxean bi lagunentzat afaria eta 100 euro irabaziko ditu. Bigarren sailkatuak garaikurra, Errota jatetxean bi lagunentzako afaria eta 60 euro jasoko ditu. Hirugarrenak Izurtzu jatetxean birentzat afaria, bi txanpain botila eta 40 euro irabaziko ditu. Eta laugarren sailkatuak Aristerrazu jatetxean bi pertsonentzat afaria eta bi botila txanpain irabaziko ditu. 

Hurrengo egunean, ekainaren 20an, baserri bisita egingo da. Goizeko 9:00etan hasiko da, Altzuzelaitik abiatuta. Baserriak bisitatuko dituzte musika lagun dutela; eta, noski, musika dagoen tokian ez da dantzarik faltako. Gauen erromeria izango da Izer, Alabier eta Lutxurdiorekin.

Igandean, ekainaren 21ean, bazkaria egingo da Izurtzu jatetxean. Txartelak jatetxean bertan eta Iturriozenan egongo dira salgai. Bazkalostean dantza egiteko aukera egongo da Laia eta Narbaizarekin. Triki doinuez gain, bertsoak ere kantatuko dituzte Olasok eta Urdangarinek.

Igandetik asteazkenera bitarte ez da ekintzarik izango, baina, asteazkenean, festetako egunik potoloena izango da. Goizeko 10:30ean hasiko da jaia mezarekin. Elizkizunean umeen eta loreen bedeinkapena egingo da. Ondoren herri kiroletan arituko dira auzoko gazteak. Trontzan, segan, harria jasotzen, aizkoran eta korrika ibiliko dira. Jarraian Irazu eta Soto bertsotan arituko dira Tapia, Leturiak, Epeldek eta Lutxurdiok trikia jotzen duten bitartean. Segidan bazkaria egingo da eta iluntzean berriz ere erromeria izango da.

Azken eguna osteguna izango da, ekainaren 25a. 12:00etan meza egingo da ekaitzaren aurka eta auzoan hil direnen alde. Ondoren hamaiketakoa egingo da.