Bihar hasiko dira sanpedroak Andatzan

Karkara 2015ko eka. 27a, 12:08

Ekainaren 28an hasiko dira festak eta uztailaren 11an amaituko dira, bihar bildutako oilaskoa janarekin.

Guztira zazpi egun iraungo dute Aiako Andatza auzoko sanpedroek. Bihar hasiko dira, igandearekin. Goizeko 9:00etan festei hasiera emango dien txupinazoa botako dute. Ondoren oilasko biltzea izango da eta eguerdian, 14:30ean, garai bateko Mutiko Ardokoen eta Uhartemuño Elkartekoen bazkaria izango da. Tripa bete ondoren, berriz ere, oilasko biltzeari ekingo diote. Amaitzeko, 21:00etan, erromeria izango da Izer eta Alabierrekin.

Astelehenean San Pedro eguna izango da. 10:30ean meza nagusia izango da eta ondoren zaharrentzako salda beroa egongo da. Eguerdian, 13:00etan, auzoko gazteak izango dira protagonista. Beren arteko herri kirolak izango dira trikitilariek girotuta. 14:00etan auzoko jubilatuek bazkaria egingo dute. 18:00etan toka, txapel eta txinga txapelketa izango da eta iluntzean, 21:00etan, erromeria Astiazaran anaiak eta Leirerekin.

Asteartean haurren eguna izango da. 10:30ean meza nagusia izango da eta ondoren haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira, baita buruhandiak eta kalejira ere. 16:30ean hasita molto moto eta bizikleta lasterketa izango da, puzgarriak eta merienda. Motoen eta bizikleten lasterketan parte hartu nahi duenak berea ekarri beharko du.

Ostiralean mus txapelketa izango da, 21:30ean. Eta, hurrengo egunean, uztailaren 4an, 12:30ean trikitxikiteoa izango da. 14:30ean kantu bazkaria Nahia Barriolarekin Uhartemuño Elkartean; ondoren, trikipoteoa; eta gero, 23:00etatik aurrera, DJ Pajaritok jarriko du musika goizaldera arte. Goiz partean txokolatea banatuko dute.

Uztailaren 5ean, igandean, dantzariak izango dira 12:00etan. Ondoren, trikitilariak. Eta arratsaldean, 18:00etan, harrijasotzaileak eta sagardo dastaketa izango da. 21:00etan erromeria Kupela eta Furundarenarekin. 01:00etan jaiei amaiera emango dien traka zaratatsua botako dute.

Festak uztailaren 5ean bukatuko diren arren, uztailaren 11n, harrapatutako oilaskoekin afaria egingo dute Uhartemuño Elkartean.