Sandonatoak eta sanlorentzoak 2015

Bost eguneko egitarau mardula Aian

Karkara 2015ko abu. 5a, 11:33

Ostegunarekin botako dute jaiari hasiera emago dion txupinazoa. Ostegunean hasi eta astelehenean amaituko dira Aiako San Donato eta San Lorentzo festak.

Pasa den asteburuan motorrak berotuta, biharko prest daude aiarrak. Festak ostegunarekin hasiko dira eta egitarau mardula antolatu dute datozen bost egunetarako.

Ostegunean arratsaldeko 17:00etan izango da lehen ekitaldia. Euskal Faunak hegazpi harrapakarien emanaldia eskainiko du ordu horretan. Ondoren, zumba-maratoi herrikoia egingo da. Handik bi ordu ingurura, 19:30ean, festei hasiera emango zaien txupinazoa botako da. Gero, kalejira egingo da herriko kaleetan zehar buruhandi eta trikitilariekin. 21:30ean herri afaria izango da Izer, Alabier eta Lutxurdiok girotua.

Ostiralean goizean goiz hasiko da festa, 8:30ean. Baote zeoze? ekitaldia izango da ordu horretan. 10:30ean meza nagusia izango da eta ondoren pilota txapelketako finalak hasiko dira. Arratsaldeko 16:00etan beste txapelketa bat hasiko da, kasu honetan mus txapelketa. 16:30etatik aurrera, arratsaldeko 19:30ak bitarte, puzgarriak izango dira plazan. Hori amaitzean kalejira hasiko da trikitilari eta buruhandiekin. 20:00etan garagardo dastaketa egingo da plazan. Eta handik bi ordura, 22:00etan, Andoni Egaña bertsotarako gaia jartzen ibiliko da Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colinari. Ondoren, erromeria izango da plazan Babel Covers taldearekin.

Larunbata umeen eguna izango da. Berriz ere goizeko 8:30ean hasiko da eguna Zeoze baote? ekitaldiarekin. 11:00etan txirrindulari lasterketa izango da txikientzat, baita haur jolasak ere. Horrela goiz pasa egin ondoren, arratsaldeko 17:00etan pailazoak izango dira plazan. Urteroko ohiturari jarraituz, Poxpolo eta konpainia emanaldia izango da. Ondoren, Gorritik hartuko du plaza bere animaliekin. Jarraian kalejira izango da eta 20:30ak aldera Egan taldeak joko ditu triki doinuak. Ordu betez jotzen egon ondoren, atseden hartuko dute eta testigua Iker Galartza eta Aitziber Garmendiari pasako diete. 22:30ean Ondoko hilobiko tipoa antzezlana egingo dute bi aktoreek, eta, gero, Egan igoko da berriz ere oholtzara.

Igandea Gaur ze? saioarekin hasiko da. 11:30ean sardin jana eta toka txapelketa irekia izango dira. 18:00etan antzerkia izango da kalean, Xarivari Blues izenekoa. 19:30ean kalejira izango da herriko kaleetatik barrena. 22:30ean Desioak Sutan Sahararentzat ekintza izango da. Su bolak zeruratuko dituzte eskola aurreko kirol gunetik. Su bola eskuratzeko txartela erosi behar da abuztuaren 9a baino lehen, Iturriozenan, Jauregin, Kanuan, Aize Berrin, Igerilekuan edo jai batzordeari eskatuta. Euro bateko kostua izango du txartel bakoitzak, hau da, su bola bakoitzak. Lortutako dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko da. Ondoren, gauerdian, karroza izango da eta emanaldia DJ abibarekin.

Festak astelehenean amaituko dira. Eta amaitzeko goizean goizetik hasita ordu txikiak bitarte ekitaldiz josi dute egitaraua. 8:30ean herriko kaleetan zehar egingo duten ekitaldi sorpresa bat izango da. 11:00etan meza nagusia izango da, eta, handik ordu betera, pilota partidak izango dira 4 1/2ak eta binakakoak. Ondoren edadetuen prestatuko zaien bazkaria izango da. Arratsaldean herri kirolak izango dira plazan, 17:30ean hasita; Iparraldeko jokoen Gipuzkoako Txapelketa, alegia. Ondoren, herri kirolak amaitzean, kalejira egingo da. 23:00etan Pirotecnia Zaragozanaren eskutik su-ziriak izango dira eta Argi Laurden erromeri taldeak kontzertua emango du. 1:00etan traka zaratatsuaren erreketa izango da, eta hori amaitzean, berriz ere Argi Laruden taldeak girotuko du plaza. Triki doinuekin amaituko da festa, beraz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!