Martxoko hazia abuztuan lore

Miren Zuloaga 2015ko ira. 14a, 14:17

Badirudi martxoan Aiako Jai Batzordeak landatu zituen loreak bere fruituak eman dituela. Urtero egoten gara egun hauen zain, ni behintzat iristeko irrikitan egoten naiz; eta, aste itzela pasa ondoren, festa alaiak eta ederrak pasa ditugula ondorioztatu dezaket. Festetako programazioaren inguruan hainbat aipamen egin nahiko nituzke:

Aurten, abuztuaren 6an, nobedade gisa Zumba Maratoi Herrikoia egitera animatu ginen, eta, nire iritziz, arrakasta handia izan zuen. Adin guztietako pertsonak animatu ziren orain modan dauden kantak dantzatzera, bai neska eta bai mutilak, eta giro bikaina sortu zen. Arratsalde horretan ikasitako dantzek gauetan –batez ere– zeresana eman dute, jendea animatu egin baita ikasitako koreografiak praktikatzera.

Bestalde, festa guztietatik gehien gustatzen zaidan egunetako bat, abuztuaren 8a da, umeen eguna, hain zuzen ere. Goizean Guraso Elkarteak umeentzat hainbat jolas antolatzen ditu, eta umeen aurpegia ikusi besterik ez dago zenbat disfrutatzen duten antzemateko. Arratsaldean, berriz, pailazoak eta Gorriti beren animaliekin egoten dira, urtero bezala. Ondoren, kalejira luzea eta alaia herriko kaleetan zehar, bertako trikitilari, pandero-jotzaile eta buruhandiez lagunduta. Egunari amaiera emateko, hainbeste urtetan gure plazan arratsalde eta gauez kantari ibili den Egan taldea! Behar bezalako despedida egiten saiatu ginen!

Azkenik, aipatu, nire ustez, lan handienetakoa duen jarduera, Karroza antolatzea dela. Urtero, jendeari gustatuko zaion ideia bat pentsatzeak lan handia suposatzen du. Beti saiatzen gara ahalik eta dibertigarriena egiten, baina beti ez da nahi bezain ondo ateratzen. Ondorioz, nahi gabe egiten diren kritika txarrek mina egiten digute; datozen urteetarako egin ditzakegun hobekuntzak onartzen dira, baina modu egokian esanez gero. Hori guztia esan ondoren, nire zorionik beroenak lanean ibili den mundu guztiari! Gora Aiako Jai Batzordea!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!