Aiako bi sagardogile I. Sagardo Txapelketa Herrikoian

Karkara 2015ko ira. 25a, 10:52

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Aiako Izeta eta Satxota sagardogileek hartuko dute parte larunbatean Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoian.

32 sagardogilek hartuko dute parte lehen aldiz ospatuko den Sagardo Txapelketan. Irailaren 26an izango da txapelketa, larunbat honetan, eta 32 sagardogile horietatik bi aiarrak izango dira: Izeta eta Satxota. Txapelketa iluntzean izango da, Azpeitiko Berdura plazan, afaltzen duten bitartean. Izan ere, afaltzeko elkartzen diren guztiak izango dira Sagardo Txapelketako epaile.

Afaltzeko, sagardoaz gain, bertako produktuak izango dituzte: bakailao ajoarrieroa, Lumagorri oilaskoa parrillan, Basetxerri xolomo-burua eta gazta. Baina, afariko gauzarik garrantzitsuena, noski, sagardoa da. Afarian elkartzen den jendea lau multzotan banatuko dute eta multzo bakoitzak sagardo-lote bat dastatuko du. Jendea afaltzen hasi orduko hasiko dira sagardoa ateratzen eta afaltiarrek lote bakoitza puntuatu beharko dute. Puntuazio gehien jasotzen dituzten zotzi loteak afaltzeko bildu diren guztiek dastatuko dituzte, eta honela erabakiko da irabazlea zein den.

Afaltzeko txartelak 30 eurotan

Afaritarako txartelak salgai daude dagoeneko Azpeitiko Añota sagardotegian, Iraurgi saskibaloiko tabernan, Pastorkua tabernan eta Astigarragako Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean. 250 lagunentzako dago tokia eta txartelak 30 eurotan ari dira saltzen.

Helburua urtez urte aurten hasitako bideari segida ematea da, eta urtero txapelketa herri ezberdin batean izatea, sare bat osatuz.