Aimar Irigoienek irabazi zuen Harri Txikien Euskadiko Txapelketa

Karkara 2015ko urr. 9a, 07:33

12.225 kilogramo jaso zituen guztira harri-jasotzaile errezildarrak

Harri Txikien Euskadiko harri-jasotze Txapelketa jokatu zen pasa den igandean, urriaren 4an, Aiako frontoian. Aimar Irigoien, Inhar Urruzuno eta Iñigo Eizagirrek launa harri altxa zituzten hiru minutuko saioetan.

Irigoien izan zen jasoaldi gehien egin zituena: 30 aldiz altxatu zuen harri laukizuzena, 29 aldiz zilindrikoa, 20 aldiz kubikoa eta 26 aldiz bola. Honenbestez, guztira 12.225 kg jasota, Euskadiko Harri Txikien txapelketako garaile izan zen.

Bigarren Urruzunok egin zuen: hogeita hamarna jasoaldi egin zituen lauki zuzenarekin eta zilindroarekin, 17 kubikoarekin eta 24 bolarekin. Guztira, 11.812,5 kg altxatu zituen. Eizagirrek 8.812,5 kg jaso zituen; 19 aldiz jaso zuen laukizuzena, 22 aldiz zilindroa, 15 aldiz kubikoa eta 20 aldiz bola.