Joxemari Iriondo: "Nik uste dut gazteak direla erromeriaren usadioari eutsi behar dietenak"

Karkara 2015ko urr. 27a, 08:39
Argazkia: Uztarria

Igandean aurkeztu zuten Aristerrazu, mandioko (azken) erromeria disko-liburua. Trikitixa elkarteako Soinuaren liburutegia saileko 11. alea da, zehazki. Diskoan Aristerrazun grabatutako 28 pieza daude, inon publikatu gabeak.

Aristerrazun askotan izan da Joxemari Iriondo. Lehendabizikoz 1964an, Joxe Lizaso eta Uztapideren bertso jaialdia grabatzera joan baitzen. Uztapide kantatzen hasi eta negarra egin zuen. Ondo gogoan du Andatzako plaza zapaldu zuen egun hori. Ordutik askotan izan da Andatzan, baita erromeri egunetan ere. Azkenekoz pasa den igandean, erromerien gaineko liburua aurkezten.

Zerk bultzatu zizun liburua idaztera?

Aspaldi hasi nintzen, Juanmarirekin eta horiekin hizketan, Auspoarako –argitaletxea– zerbait luzeagoa egiteko asmotan. Baina, programazioari begira, 2017rako egin behar genuela ikusi genuen, ordura arte programazioa betea baitzegoen.
Juanmarirekin hitz egin nuen, eta kontatu nion 2017an kaleratuko zela. Berak ea lehenago ezin zen kaleratu galdetu zidan, eta orduan planteatu nion Trikitixa elkartearekin egiteko aukera. Horiekin eginez gero, Auspoarako egitea baino egokiagoa litzatekeela pentsatu genuen. Juanmarik proposamena egin zien eta baiezkoa esan ziguten. Nik uste dut trikitixaren liburutegian hobeto dagoela lan hori, propioagoa dela, egokiagoa delako gaia.

Zein ikuspegietatik lantzen duzu gaia? Zer topatuko du irakurleak?

Aristerrazuko berriak jasotzen ibili naiz denbora luzez, biltzen, baita Karkaran argitaratutakoak ere. Egunkarietan kaleratutako notiziak ere bildu ditut. EiTB jaialdiak grabatzen hasi zenean, orduko informazioa ere jasotzen joan naiz.

Gero, ohituraren jatorrien inguruko informazioa-eta izateko, Joxe Alkainek komentatu zidan Aristerrazu etxeko Azkue familia elkarrizketatzea egokia litzatekeela. Berakin 2005 edo 2006an egin genuen bilera eta handik informazio asko jaso nituen, elkarrizketa bat grabatu bainuen.

Horretaz gain, Kontxi Lertxundi dantza taldeetako kidea ere elkarrizketatu nuen. Igandero dantza aritzen den horietako bat da Lertxundi. Lajarekin ere bildu nintzen, askotan aritzen baita jotzen plazan. Elkarrizketa gehiago ere egin ditut, eta horiek guztiekin osatu dut liburua.

Amaitzeko, gaur egungo egoeraren balorazioa egin nahi nuen eta Trikitixa Elkarteak festa horri buruz duen kezka jaso nahi nuen. Horretarako, Agurtzane Elustondori artikulu bat idatzi nion, atze hitza.

Eta nola ikusten du Elustondok egungo egoera?

Berak oso optimistak dira. Igandean ere izugarrizko jendetza bildu zen. Aurkezpenean ere esan nuen, Euskal Herrian ez dela sekula bizi izan gaur egun dagoen maila esku-soinua jotzen. Gaur egungo gazte jendeak nola jotzen duen, ikaragarria da. Baina dantzarien hutsunea ikusten nuela aipatu nuen. Erromeria egiteko ez da soinua bakarrik behar, dantzariak ere behar dira. Baina, bazkalostean, plazan trikitixa hasi zenean, gazte mordoa ibili zen dantzan, eta ikaragarri ondo, gainera.

Eta trikitizaleek?

Horiek ikusten dute diru laguntza behar dela. Igandean ere otarra batzuekin ibili ziren diru eske, ahal zuenak ahal zuena emateko. Diputazioak laguntzen duena baino gehiago eman behar zuela kexatu ziren, urtero-urtero diru kantitate finko bat ematea egokiena litzakeela esan zuten. Zeren hori Andatza Erromeri Elkartearen eskuetan dago eta hiru buru besterik ez dira. Lan asko egiten dute, dirua ipini... eta hori ez da posible. Aiako Udalak lagundu zuen atzoko ekitaldian, baina, oro har, erakundeen laguntza behar dutela esan zuten.

Ohitura zaharrak jarraipena izateko ezinbestekoa dira dantzariak, musikariak eta dirua...

Han frontoia dago, baina ez dago festa handi bat egiteko aukera. Eguraldiak ere asko baldintzatzen du. Baina igandero-igandero egiten den erromeria egiteko borondate handia dago han. Andatza Erromeri Elkarteakoak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoak prest daude lana egiteko, eta lan ikaragarria egiten dute.

Hiru lagun daude Andatzako elkartean. Horiek sasoiko daude oraindik, baina uzten dutenean, jarraipena izan dezan, testigua norbaiti pasa beharko diete. Nik uste dut gazteak direla horri eutsi behar dietenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!