Amaitzear daude Elkanoko frontoiko eta auzo elkarteko lanak

Karkara 2015ko aza. 12a, 10:49
Argazkia: Urola Kostako Hitza

Elkano auzoko obrak izan ziren urriaren 10ean, asteartean, egin zen udalbatzarreko gai nagusi

Ohiko bilkura egin zuen Aiako Udalbatzarrak azaroaren 10ean, asteartean. Hiru gai landu zituzten. Batetik, 2016ko ordenantza fiskalak onartu zituzten. Datorren urteko urtarriletik aurrera zerga guztiak izoztea erabaki zuten aho batez, bat izan ezik: Jarduera Ekonomikoaren gaineko zerga %15 igoko dute.

Bigarrenik, Elkano auzoko frontoia amaitzeko 7. kreditu aldaketa onartu zuten, aho batez hori ere. Kreditu aldaketa honekin 49.000 euro bideratuko dira aiar auzoko frontoia eta lokala amaitzeko, besteak beste.

Azkenik, Elkano Kultur Elkarteari frontoi ondoko lokala kontzesio administratibo bidez ematea erabaki zuten. Kontzesio hori 30 urtekoa izango da eta auzo elkarteak urtean 1.000 euro ordainduko dizkio udalari urtean. Mantenua, argindarra eta garbiketa gastuak elkartearen esku geratuko dira. Gai hori ere aho batez onartu zen.

Bestalde, Eñaut Guruzeagak, EH Bilduko bozeramaileak, beren taldeak proposatutako mozioa gai zerrendan zergatik ez zuten sartu galdetu zuen. Mozio horretan Amezti baserriaren inguruko tirabirak direla eta, gaia argitu bitartean obrak gelditzea eskatzen zuten. Arrizabalaga alkateak mozioak presazko gaiak aztertzeko izan ohi direla esan zuen eta gaia hurrengo gobernu batzordean eztabaidatuko dela adierazi zuen. Guruzeagaren ustez, gaia epaitegietan dagoen heinean bada presazkoa eta gaiaz ez hitz-egitea da EAJren helburua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!