Aian sustraituko den proiektua saritu dute Urkome sarietan

Karkara 2015ko abe. 1a, 12:23

Iratxe Manzisidor zarauztarrak jaso zuen Urkome sarietako bat. Bere proiektua Aian garatuko du Manzisidorrek.

Azaroaren azken egunean, 30ean, Aizkoitiko udaletxeko batzar aretoan IV. Urkome Sarien banaketa ekitaldia izan zen. Ekitaldiko ordezkarien artean Igor  Iturain aiarra zegoen, bera baita Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria.

Laugarrenez egin den ekitaldi honetako saridunetako batek Aian izango du kokapena, Iratxe Manzisidorren Host' Arte proiektuak alegia. Sei sari horietako bat, beraz, zarauztarrarentzat izan da, 5.en ataleko saria, alegia.

Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak emandako saria da hori. Proiektuaren muina ondorengoa da: landare espezie eta barietate askoren hostoak lantzen dira ekoizpen ekologikoan eta, gainera, bizirik eskaintzen dira hainbat formatutan. Arestian aipatu bezala, proiektu horrek Aia izango du kokaleku.

Gainontzeko lau sarituak

Nekazaritza jardueraren sustapena atalean

Saritutako proposamena: Intxaur Olioa

Deskribapena: Intxaurrari balio erantsia emateko asmoarekin, olio bihurtzea da helburua. Gainera, soberakinarekin abereentzat elikagaia egin daiteke hurrengo fase batean.

Egilea: Jon Arruti

Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena

Saritutako proposamena: Atxola

Deskribapena: Ekoizpen ekologikoan oinarriturik, barazki eta plantelen jarduera, sukaldaritzako zein sendabelarren ekoizpena eta hazkuntza eta fruitu txikien ekoizpenak hartzen ditu bere baitan.

Egilea: Unai Mujika

Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu

Atal hau hutsik uztea erabaki du Epaimahaiak.

Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jarri

Izenburua: Ipinabarrak eta sagarrak

Deskribapena: Proiektu honen helburua da sagardoaren inguruko kultura gizarteratzea bisita gidatuen bitartez. Era berean, Urola Kostan daukagun aberastasunaren berri ere eman nahi da. Ibañarrieta auzoa da ardatza eta landa-eremu hau ikusgai jartzea da gure xedea. Gainera Sagardoak itsasoarekin duen lotura ere aipatzen da.

Egilea: Aitor Eizmendi

Bozka bidezko sari berezia

Sari honetarako epaimahaiak 5 proiektu aukeratu zituen. Bozkatzeko ezarritako epean 838 bozka jaso dira. Lehen postuan, sariduna, Iban Sabalzaren Lanlur proiektua izan da, 478 bozkekin, bozkan guztien %57a lortuta.

Egitasmoa: Lanlur

Deskribapena: App geoerreferentziatua, honako informazioa eskaintzen duena: erabiltzen ez diren lurrak, eskaintzen diren nekazaritza lanak eta landa erremuko enplegu eskatzaileak

Egilea: Iban Sabalza