Euskarak 365 egun

Kezkak eta hausnarketak

Karkara 2015ko abe. 3a, 10:32

Lardizabal Herri Eskolakoak Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskarak Aian eta eskolan duen presentziaren inguruko kezkak eta gogoetak idatzi dituzte.

Abenduaren 3 Euskararen Nazioarteko eguna izanik, Aiako Lardizabal Herri Eskolak gure hizkuntzaren inguruan ditugun kezka eta hausnarketak plazaratu nahi ditugu.

Historikoki, Aiako herria erabat euskalduna izan da eta arnasgune bezala kontsideratua dago. Gure ikasleak, ia %100ean euskaldunak dira –5/6 familia bakarrik dugu guraso biak euskaldunak ez direnak–. Baina hau guztiak ez du beti gure alde jokatzen. Badira hainbat aspektu kezkatzen gaituenak eta hausnarketarako bide ematen digutenak:

  • Gure ikasleen Euskara maila ona izanik ere –horrela frogatzen dute egindako ebaluazio ezberdinek–, bizi diren inguru soziolinguistikoa kontuan hartuta hobea izan beharko luke. Hausnarketa honen ondorioz, gure ikastetxeak proiektu integrala deituriko proiektu bat du abian.
  • Gure ikasleen ama hizkuntza Euskara da. Baina , gure zalantzak ditugu euskaldun izatearen balioa eta harrotasuna transmititzean asmatzen ari ote garen.
  • Eskola inguruan gero eta gehiago entzuten dugu gaztelera. Hau ez da batere eredu ona gure ikasleentzat, ezta gure herrira datozen familia ez euskaldunentzat ere. EUSKARAZ BIZITZEAri behar adinako garrantzia eman behar diogu. Gure ikasleek gainontzeko hizkuntzak ere ikasiko dituzte –gaztelera eta ingelesa kasu– baina ahaztu gabe EUSKARA dela EUSKALDUN egiten gaituena eta dugun altxorra mantentzea gure esku dagoela.

Aiako Lardizabal Herri eskola osatzen dugunok aipatutako aspektu hauek hobetzen eta lantzen jarraituko dugu buru- belarri. Badakigu, bakarrik ezingo dugula ezer lortu, baina Hezkuntza Komunitate guztiari gure hausnarketa eta kezkak zabaltzen jarraituko dugu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!