Eguraldia, isiltasun hiltzaile

Jon Ander Azpiroz 2015ko abe. 22a, 14:13

Hego haizeak inoiz baino protagonismo handiagoa behar duen urte honetan, jakin nahiko nuke zenbat isiltasun akabatzeko aitzakia izan zaigun honez gero eguraldia. Baina zergatik hasi eguraldiaz berriketan? Hitzik gabe geratzen den elkarrizketetan zenbat aldiz berrekiten diogu hitz jardunari Hau duk eguraldia hau! edo Eguraldia ere dena erotzen ari zaiguk! bezalako esaldiekin? Jarraian etorriko dira, telebistako partearen informazioak edo fraide iragartzailearen esanak, eta segidan, asmatu ez duelako kexak, Einsteinen teoriarik zurrunenaren pareko jartzen dituztenen eskutik. Ederra dauka Pello Arantzazukoak tenporak direla eta ez direla!

Eguraldiaz hasten gara, denok ikusten dugulako zein eguraldi dagoen, denok dakigulako zer egin duen egin ondoren, badakigulako, gutxi gorabehera, urtean zehar zein eguraldi egingo duen eta inork ezin duelako zehazki hau asmatu. Hori da behintzat nire ustea. Izango dira ai, esan nian nik hala egingo zuela esango duten mila, baina badakigu baita ikusi eta gero, salda bero!

Baina zergatik ezin dugu egon isilik? Isiltasuna deserosoa egiten zaigulako, hitzik ez esatea errespetu falta iruditzen zaigulako, aldamenean dugun horri gure hitz-jarioa arnasa bezain beharrezkoa duela iruditzen zaigulako… edo besterik gabe, herriko txutxu-mutxuak jakitea gustatzen zaigulako. Gero, noski, Niri ez zait horrela jardutea gustatzen, baina, jakin dezazun… bezalako esaldiak entzungo diren arren.

Halere, zenbaitetan hobe eguraldiaz hitz egitea, batzuk duten informazioa elkarbanatzeko modu kuriosoa baino. Grazia egiten dit. Erdi galdezka hasiko zaizkizu: hau honela eta honela omen duk? –zuk zer erantzungo zain, ea lehendik ez duen informaziorik ematen diozun edo ez. Politena, ordea, ezer ez dakizula erantzutean etortzen da: bai hau eta hura gertatu omen dek, honela eta horrela… -eta zure harridurarako kazetari baten moduan detaile eta xehetasun guztiak kontatuko dizkizu gertatutakoaz, lehendabizi galdezka hasi zaizun horrek. Eta kontuz zerbait gehitzen badiozu bere jardunari! Hurrengoan kontatuko dionari zuk esan duzula esango baitio.

Marka da gero! Batzuk isiltasun bila eta besteak isilik egon ezinik. Eguraldia iragartzeko ere oso garrantzitsua zela entzun nuen behin isiltasuna. Pellok esana, eskerrak zuri…

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!