Eizmendi, txapeldunaren txapela jantzita

Karkara 2016ko ots. 29a, 08:02

Garazi Eizmendi aiarrak Euskal Herriko Gomazko Pala Txapelketa irabazi du Martinekin batera. Azkoitian jokatu zen finala, ostiralean, eta 24-25 irabazi zuten.

Parekatsua izan zen Euskal Herriko Pala Txapelketako sailkapen liga. Garazi Eizmendi aiarrak Martin gasteiztarra izan du bikotekide txapelketan. Sailkapen fasean partidu bat galdu zuten, baina beste biak uste baino errazago irabazi zituzten. Hiruko berdinketa egin genuen. Hiru bikotek puntu kopuru berdinarekin amaitu genuen sailkapen liga, azaldu du Eizmendik. Baina tantoen aldeagatik, sailkapeneko lehen postuan amaitu zuten ligaxka. 

Finalerdietan beste taldeko bigarren sailkatuaren kontra jokatzea egokitu zitzaien. Partidu zaila izango zela uste bazuten ere, erraz irabazi zuten, 25-14. Finala ostiralean jokatu zuten, otsailaren 26an. Txapelketaren hasieran ez zuten espero finaleraino iristea. Nire helburua, hasieran, partidu bat irabaztea zen. Ez nuen inondik inora espero finala jokatzea, aitortu du aiarrak.

Finalera iristeagatik oso pozik zegoen Eizmendi. Baina finalean ere irabaztea lortu zuen aiarrak. Gutxigatik bada ere, galtzen ari ziren partidu gogorrari bira ematea lortu zuten. Partiduaren hondarretan 23-21 galtzen joan arren, 24-25 irabazi zuten. 

Final estua eta gogorra

Azkoitian jokatu zen finala, Gurea frontoian. Jende dezente zegoen, pilotazale asko. Eizmendi eta Martinek osatutako bikoteak hartu zuen aurrea. Baina aurkariak esnatu eta markagailuan aldea atera zieten aiarrari eta gasteiztarrari. Baina azken txanpan, partida hankaz gora jarri eta 23-21eko markagailua iraultzea lortu zuten Eizmendik eta Martinek. 24-24 berdindu zuten eta azken tantoa berak egitea lortu zuten, paretera bidalitako pilota bat ezin izan baitzuen jaso Saezek. Txapeldunaren txapela Eizmendi aiarrak eta Martinek jantzi zuten.

Luzea izan zen partidua, ordu eta laurdeneko iraupena izan baitzuen, gutxi gorabehera. Partida parekatsua, gogorra eta intentsitate handikoa izan zen. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!