Amezti

Ameztiren gaineko EAJren mozio alternatiboa onartu da

Karkara 2016ko api. 21a, 06:48

Epaitegietan dago Ameztiren gaia. EH Bilduren helburua mozioarekin Ameztiko obren lizentzia epaia eman arte bertan behera uztea zen. EAJren mozio alternatiboa da onartu dena, beraz, lizentziak indarrean jarraituko du. 

Estatu mailako legeak zertzeladak izan ditzake, tokian tokiko xehetasunak. Aiakoak ere baditu. Legeak gai bakarrarekin ez-ohiko mozioak egitea ahalbidetzen du. Beste gairik ez badago, mozioa heldu eta hori eztabaidatzea. Aian, mozio horri lotutako beste mozio alternatibo bat aurkezteko aukera dago. Eta, hori bozkatzen da lehendabizi, alternatiboa. Eta, arauaren arabera, batak bestea ezeztatzen du. Hortaz, mozio alternatiboa onartuz gero, bestea indargabetu egiten da. 

Eta hori gertatu zen atzo Aian. EH Bilduk aurkeztutako mozioarekin ez-ohiko plenoa deitu zen. Eta, atzo bertan, plenora, mozio alternatiboa eraman zuen EAJk. Horrek giroa berotu zuen. Hasterako bero-bero zegoen giroa.

Udalak ez entzunarena egitea salatu du EH Bilduk

Eñaut Guruzeagak hartu zuen hitza. Gaiak orain arte izandako ibilbidea azaldu nahi izan zien bertaratutakoei. EH Bilduko zerrendaburuaren hitzetan beren lehen asmoa Udalaren posizioa zein zen jakitea zen. Berak hasieratik nahi izan zuten kasu hau landu, txosten juridiko bat eskatu zuten horretarako, eta ukatu egin zitzaigun, azaldu zuen. Hilabete askotan informazioa biltzen ibili direla kontatu zuen, bilerak egin dituztela, gobernu batzordetan gaia hainbatetan atera dela eta jaso duten gauza bakarra gezurra dela gaineratu du.

Gezurra gezurraren atzetik. Gai hau publiko egitea pentsatu genuen, udal gobernua oso eroso ikusten baikenuen lau pareta hauen artean, inork jakin gabe zer eztabaidatzen zen. Gaia publiko egiteko mozio bat aurkeztu zuten, baina, berak zioenez, alkateak ez zuen onartu plenoaren gai zerrendan, esanez ez zela presazko gaia eta epaitegietan erabakiko zela. Nekane Arrizabalagak zehaztu nahi izan zuen: ez zela presazkoa eta gobernu batzordean eztabaidatuko zela. Bai, baina gobernu batzordera iritsi eta ez zen ezertxo ere eztabaidatu, erantzun zuen Guruzeagak. Azalpenik ez da inoiz eman.

Legea hartuta, pleno hau deitzera behartu dituztela esan zuen Guruzetak. Helburua, lizentziak dituen efektuak epaiak bere hitza eman arte bertan behera uztea da eta Udalaren azalpenak jasotzea. Hori ez da gure kapritxoa, txosten batzuetan oinarritzen gara. Txosten horietako hainbat puntu irakurri zituen jarraian, beren posizionamendua argudiatzeko, lizentzia hori indargabetu egin behar dela arrazoitzeko.

Arrakalak ikusi ditu EH Bilduk

Amezti baserriko obren inguruko hainbat txosten izan dituzte eskuartean, tartean Aldundiak garatutakoa. Ingurumen-inpaktuan izango duen eragina eta kontuan hartu beharreko irizpideak azaltzen ditu txostenak. Eh Bilduren ustetan, Udalak kontuan hartu ez dituenak. Bolumenaren inguruan ere informazioa ematen du txostenak, baita kokapenaren inguruan ere. 

Arartekoak duela hiru hilabete argitaratutako txosteneko hainbat fragmentu ere irakurri zituen Guruzeagak. Txostenaren arabera, besteak beste, ez dago onartuta eraikinaren leku aldaketa, bakarrik desjabetze egoeran, eta kasu guztietan ezingo da eraiki babes bereziko eremuan. Eta, txostenan dioenaren arabera, eraikina babes eremuan ari dira egiten.

Hori irakurrita, galdera egin zion Guruzeagak Arrizabalagari: lur hauetan ba al dago eraikitzea? Alkateak ez zuen erantzun nahi izan galdera. Beste galdera bat ere egin nahi izan zion Guruzeagak alkateari, dekretuan jartzen duenari tiraka. Egoera berezi baten aurrean, interpretazio berezi bat egin daitekeela eta egin behar dela dio dekretuak. Honek zer esan nahi du, legea modu batera edo bestera erabili daitekeela egoeraren arabera? Zein da familia honek duen berezitasuna? Berezitasunik ez duela erantzun zuen Arrizabalagak eta mozio alternatiboa bozkatzeko eskatu du.

EAJk erabakia epaileen esku uztea eskatu zion EH Bilduri

2015 irailean espedientea berriz aztertu eta gero, 2013an onartutakoa berretsi zela aipatu zuen Igor Iturainek; hau da, 2013an onartutako obra horiekin jarraitzea erabaki zela. Horrez gain, eta legegintzaldi honi helduz, EH Bilduri beren iritzia eta jarrera azaldu dietela gaineratu zuen Iturainek. Are gehiago, gonbita luzatu ere espedientea aurrez aurre hartu eta udal teknikariekin bilera egiteko. Nahiz eta, gaur egun, oraindik, udal gobernuaren gonbitari kasurik ez dieten egin, zehaztu du.

Guruzeagak erantzun egin nahi izan zion. Gobernu Batzordera eskaera batekin joan ginen. Txosten juridikoa eskatu genizuen eta burla egin zeniguten. Sinadurarik gabeko eta espedientean sartu ez duzuen txostena eman zeniguten. Txosten faltsu bat.

Trasparentzia sustatzeko asmotan, mozio alternatiboan adierazten denez, gobernu batzordearen erabakia da Ameztiko lanak egiteko eskumenak ematea. Organo horretan obraren baimenaz eztabaidatu daitekeela azpimarratu du Iturainek mozioa irakurtzean.

Espedientea epaitegietan dagoela azaldu zuen ondoren, alor penalean eta administrazio auziko alorrean. Hortaz, EAJk, udal barruko eskumenak errespetatzeaz gain eta interes pribatuen gainetik herria defendatzeaz gain, gaia epaileen esku uztea proposatzen du.

EAJren mozioa onartu zen bozketan

Tentsio egoeran egin zuten bozketa. Bozkatzerako Aitor Arregik ea gaiarekin biraka egoteak merezi duen galdetu zuen. Herriaren interesik ez duela obrak, interes partikularrak direla esan zuen, eta akatsak dituenez jarrera politikoa hartu dutela azaldu du. EAJri jarrera aldatzea eskatu dio Arregik, aldrebeskeria handia etor daitekeelako, gaia epaitegietan dagoelako.

Mozio alternatiboa izan da bozkatu dutena. EAJren aldeko botoekin onartu da mozio alternatiboa. EH Bilduk ez zuela bozkatuko esan zuen. Hortaz, zazpi aldeko botorekin onartu zen EAJk aurkeztutako mozioa.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!