Hik lan eta nik jai

Abenduak 5, arratsaldeko 19:00ak. Hasi dira San Nikolasak! Ardo, kalimotxo edo zerbeza eder batekin hasi ditugu festak barra izkin batean. Batzuk lana egin behar beste batzuk parranda ederra botatzeko! Egunez disfrutatzeko ekintza ugari egon arren, ni bezalako gau txori asko izan da festa hauetan gauez gozatzen. Askok eguna lo pasa eta... hara! Iluntasunarekin batera agertu dira, berriz ere basoa eskuan dutela. Aurten gainera asko bluxa eta guzti, dotore!

Gauza handien beharrik ez dugu parrandan ibiltzeko, ezer ez ta festa! Taberna pare bat eta musika apur bat. Aldapan gora eta aldapan behera, aurtengo kanturik entzunena. Bat baina gehiago ikusi da festetan lehenengo gora eta gero behera.

Askorako eman dute San Nikolas hauek; txorakeri eta barre ugari, baina baita giroa izorratu duen hainbat komeri ere. Kable puskatuak, lapurtutako eltxetxoak. Gizaki edo animali? Denetik ikusi da festetako bost gau luzeetan.

Ni bezalako felixianak ordea gustura ibili gara. Gustura, liskar eta giro txarrak alboratu eta festak ahalik eta gehien zukutzen. Jende gutxi zegoen egunetan ere ezin etxera joan, orduantxe parrandarik ederrenak, petit comitén.

Guk jai egiteko tabernariek lana egin behar, eta tabernariek lana egiteko guk jai berriz! Barra barrutik ikusitakoak ere entzutekoak izango dira.

 

Festarako bidean aldaparik ez dagoela, lanerako bidean bai ordea! Batzuentzat ez dira festa motxak izan. Bost egunak luze joan dira taberna zulotan sartuta, baina kasu honetan barraz bestalde. Orion ez dela parranda zalerik falta, eta San Nikolas hauetan ere argi geratu da horrelako asko dagoela.

Hori da irribarrea zuena jendeak arratsalde-iluntzeetan. Zoriontsu, biharrik ez balitz bezala poteo ederra botatzen. Beste batzuei ordea, lana egitea ere tokatu zaigu. Tabernariak ere gora ta behera ibili gara,
baina beste modu batera. Atera zerbeza eta atera kalimotxo. Goizeko 6ak iritsi eta jendea oraindik trago eske, hori da hori sakea!

Liskarrerako jendea beti dagoen arren, barre ederrak ere bota ditugu kanpora begira. Zein desberdina ikusten den gaua kanpotik eta barrutik! Egunez dantzarako grin handirik ez duena ere dantzan ibili da gauen zehar, altabozetatik ateratako edozein melodia kantarekin. Batzuek uste dute gaueko eta tabernako iluntasunean ez dela ezer ikusten. Baina hor gaude gu, barra barruan, ixkutuan bageunde bezala, dantza, ligoteo eta balantzei begira!

Festak bukatu eta dena jaso eta txukuntzea tokatzen da, beldur apur batez, barraren beste aldea nola dagoen begiratu: sabai eta paretetako alkohol arrastoak garbitu, ateak konpondu, fregona gutxienez hamar bat aldiz pasa... agur San Nikolas, hurrengo urtera arte!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!