Basker dokumentala emango dute igandean

Karkara 2017ko urt. 13a, 16:46

Igandean, urtarrilaren 15ean, Aiako Kultur etxean, Basker dokumentala proiektatuko da eguerdiko 12:00tatik aurrera.

Suediako STV telebistako bi kazetari 1963an Euskal Herrian barrena ibili ziren herrietako ohiturak eta bizimodua grabatzen. Herri kirolen berri emateko, Aian izan ziren eta, orduan grabatutakoarekin eta beste hainbat herrietako irudiekin bi erreportaje labur egin zituzten. Bi erreportaje horietan, joaldunak, trikitilariak, dantzariak, txalapartariak, pilotariak eta beste hainbat ofizioetako irudiak azaltzen dira.

Aiako irudietan plaza bete jende ageri da, idi-demak, harri-jasotzea eta ahari jokoak ikusten. Besteak beste, hauek azaltzen dira: orduango alkatea Blas Odriozola, Jose Antonio Lopetegi Agerre II –Julen Lopetegi futbol entrenatzailearen aita– eta Luis Atxega harri-jasotzaileak, Joxe Migel eta Benito Maiz korrikalariak, Benito Aldai ahari-jokozalea eta beste hainbat eta hainbat aiar. Grabazioak urtarrilean eta otsailean izan zirela kontuan hartuta, esango genuke, San Anton eguna edo ospatzen zela egun horretan Aian.

Dokumental horiek, Argibel Euba etnografoak topatu zituen, kasualitatez, bere doktore tesia egiteko lanean ari zela. EHUko Mikel Laboa katedrari esker, Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak lana egin du Eubak, eta liburu batean eta DVD batean bildu du. DVD eta liburua salgai daude, EHUko webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!