Jokin Lizeaga eta Oihana Azkorbebeitia garaile, Aiako VI. Mendi Lasterketan

Karkara 2017ko mar. 6a, 11:40

Inoizko parte hartzerik handiena izan zuen larunbateko probak. 285 korrikalariren artean, Hodei Alkorta eta Miriam Sarasola izan ziren lehen aiarrak.

Larunbatean goizean jokatu zen Aiako VI. Mendi Lasterketa. Eguraldi kaxkarra zegoen iragarrita, baina azkenean euririk ez zuen egin, eta lasterkariek giro ona izan zuten korrika egiteko, ibilbidean zehar hezetasuna eta lokatza topatu arren.

Gizonezkoen mailan Jokin Lizeagak irabazi zuen proba, bigarren korrikalariari minutu eta erdiko tartea aterata. Urnietarrak ordu bat eta zazpi minutu behar izan zituen probako 14,9 kilometroak egiteko, eta bere atzetik, Ruben Ruzafa aizarnazabaldarra helmugaratu zen. Podiuma Andoni Olazagirre hernaniarrak osatu zuen.

Emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeita abadinarra gailendu zen hasiera-hasieratik. Ordu bat eta 21 minututan egin zuen korrikaldia, eta minutu eta erdiko aldea atera zion Mayi Mujika elgoibartarrari. Raffaella Ciavola gasteiztarra izan zen hirugarrena helmugan.

Bestalde, Hodei Alkorta izan zen Aiako lasterkarien artean lehena; sailkapen orokorreko 10.postuan bukatu zuen proba, 01:14:09ko denborarekin.

Antolatzaileak gustura

Ia 300 korrikalari bildu zituen larunbateko mendi lasterketak, eta Aiako Kirol Elkarteko antolatzaileak gustura agertu zeuden probak izandako erantzunarekin. Iaz data aldatu eta ekainean egin zuten lehiaketa, baina proba uda aldera mugitzeak ez zuen esperotako oihartzunik sortu, eta aurtengo edizioa berriz martxoan egitea adostu zuten. 

 

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

1. Jokin Lizeaga 01.07.07

2. Ruben Ruzafa 01.08.42

3. Andoni Olazagirre 01.09.46

Emakumezkoak

1. Oihana Azkorbebeitia

2. Mayi Mujika 01.29.08

3. Raffaella Ciavola 01. 31.41

 

Argazkiak: Aritz Mutiozabal / Urola Kostako Hitza

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!