Omenaldia egin dio Iruntxiberriri Andoaingo herriak

IƱaki Iturain 2017ko eka. 2a, 15:10

Aiako Andatza auzoan dagoen Iruntxiberri baserrian jaiotako gizonak ibilbide luzea egin du herri kirolen alorrean.

Andoaingo herriak omenaldi beroa egin zion atzo, ekaineko lehen egunean, Leon Albeniz Maiz Iruntxiberriri. Aiako Andatza auzoan dagoen Iruntxiberri baserrian jaiotako gizonak ibilbide luzea egin du herri kirolen alorrean.

Aurtengo abenduan 80 urte beteko ditu Iruntxiberrik. Hamaika ofizio izandako baserritarrak herri kiroletarako joera izan zuen txiki-txikitatik: korrikalari ibili zen, baina baita segalari eta aizkolari ere. Apustuaren mundua bizi izan zuen Leonek herri-kiroletan ibili zen denboran. Makina bat apustu jokatua da. Batzuetan irabazi, besteetan galdu; arrastoa utzi duen gizona da Iruntxiberri. Azken aspaldiko urteetan beste kirolari batzuei erakusten eta haien lana bideratzen ibili da.

Iruntxiberriren biografia azaltzen duen liburua ere argitaratu zen: Nere berriketa eta aitortza, 2003an, Auspoa Sailaren barruan. Liburuan azaltzen dira Leon Albeniz Maizen bizitzaren gorabeherak, txikitan Iruntxiberri baserrian izandakoekin hasi eta, gero, herri kirolen munduko kontu interesgarri askorekin.

Iruntxiberri aspalditik Andoainen bizi da, 1971n bizitzera hara joan zirenetik. Atzo Andoaingo herriak eta Udalak, alkatearen bidez, omenaldia egin zion herriko antzokian, Kirol Merezimenduaren Sariaren VI. Edizioko saria eman zioten aiarrari, herri kirolen alorrean egindako ekarpenagatik.

Omenaldian, familiarrekin eta adiskideekin batera, Andoaingo hainbat herritar izan ziren eta herri kiroletako pertsona ezagunak: Jose Migel Maiz, korrikalaria eta Leonen lehengusua, Inazio Perurena eta Joseba Ostolaza harri-jasotzaileak, Juan Manuel Erasun segalaria…

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!