Hitz egin, Paorra!

Berria | Aitor Manterola 2018ko urt. 25a, 10:11
Mikel Portularrume arraunlari aiarra, Santurtziko elastikoa soinean duela, Orioko hondartzan. (Argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press)
Hiru urte arraunetik at, kiloak galdu behar, lan saioen egunerokoa... Hasi ala ez hasi? Santurtzin berriz ekin dio bideari Mikel Portularrume aiarrak.

Lasaitu ederra hartuko zuen Iker Zabalak, Santurtziko entrenatzaileak eta arraunlariak, iazko urri aldera. Baiezkoa eman zion Mikel Portularrume Paorra-k (Aia, Gipuzkoa, 1983), aurretik hainbat bider ezezkoarekin erantzun eta gero. Bueltan da berriz ere arraunean irabazi beharreko guztia irabazita daukan arraunlaria. Hiru urte egin ditu geldirik, «tarteka kirol pixka bat eginez, baina eguneroko martxa hartu gabe», hark azaldu duen eran.

Santurtzin egingo dute bat hirugarrenez Portularrumek eta Zabalak. Aurretik, Castron eta Urdaibain aritu ziren batera, eta traineru barruko jokoak lehorreko adiskidetasuna sortu zuen. «Lagun onak gara», esan du Portularrumek Orioko taberna batean, itsasoaren haserrealdi ikusgarria leihotik ikusten duen bitartean. «Aurreko denboraldian ere saiatu zen ni Santurtzira eramaten, baina ezezkoa esan nion pare bat alditan. Ez nengoela arraunerako, hori izan zen Zabalak entzun zuena».

Orain bai, orain ikusi du bere burua prest, eta «barruko harrari segika, bueltan naiz berriz ere arraun munduan». Baiezkoa ematea bezainbeste kosta omen zaio gorputza berriz martxan jartzea: «Egin ezazu kontu hiru urtez apenas egin dudala ezer. Mendi bueltaren bat, ergometroan ibili pixka bat, eta kito». Gehiago zehaztu du lanik gehien zerk eman dion: «Korrika hastea asko kosta zait». Gizon handia da Paorra, luze eta zabal, eta arraunetik kanpo egonda, ez da harritzekoa kilo batzuk hartu izana: «Hamar bat galdu ditut entrenatzen hasi garenetik, baina beste zortzi bat galdu beharra dauzkat». Horretan ari da: «Neguko entrenamenduak erresistentzia hartzeko izaten dira, lan luzeak, eta finduko naiz aurrerago, lanak bizitzen ari diren neurrian».

Jarriko da, bai, eta badaki horren berri bere entrenatzaile eta lagunak. «Zabalak esan zidan berdin zaiola hiru urtez ni arraunetik kanpo egon izana, baldin eta Paorra benetakoa joaten bazaio». Benetako Portularrume hori zer den jakin beharra dago, eta, jakina, ezeren aurretik, arraunlaria da: «Umetan hasi nintzen, Orion, haur mailan. Lagunak joan ginen klubera, eta ergometroan aritzeko xaxatu ninduten, ehun metroko proba egin behar genuela eta. Lodia ni orduan, eta zaparra atera nuela uste dut». Han hasi zen dena, egun hartan, eta gaur arte, esate baterako.

Zer da gehiago Paorra? Irabazlea: «Irabazi beharreko dena irabazita eduki arren, bat ez da inoiz aspertzen irabazten». Liderra ere bada, ontzi eta talde barruan: «Gustatzen zait gauzak garbi esatea, aurpegira, eta traineru barruan, estropadan, hitz egitea gustatzen zait». Badu kontakizun bat horren inguruan, berriki gertatua: «Uretan ari ginen entrenatzen Santurtzin, eta Zabalak agindu zidan hasteko hitz egiten ontzi barruan, ederki ezagutzen bainau. Ezetz esan nion, lehendabizi neuk jarri behar dudala puntuan eta sasoiko, eta orduan hasiko naizela».

Irakasle edo maisu ere bada dagoeneko, hainbat urtetako esperientziaren zakuarekin: «Entrenatzaile onenekin aritzeko aukera izan dut urte hauetan guztietan, eta denengandik ikasten da onetik eta txarretik». Urteak atzera egin, eta hasierako Portularrume arraunlaria eta egungoa alderatu ditu: «Orduan edozeri esaten genion baietz. Esan izan baligute zubitik salto egiteko, han joango ginen zubitik behera. Orain, gehiago aztertzen ditut entrenatzaileek esandakoak; gustatzen zait lanen atzean zer dagoen jakitea». Ikasle ere bai baita: «Gauzak esatekoa naizen bezala, entzuten ere badakit, eta entrenatzaileak esandakoari adi egoten naiz, zer ikasiko».

Ikasle, ikasle, Santurtziko arraunlari gazteak izango dira: «Badira mordo bat taldean, bertakoak, eta sekulako gogo eta ilusioz daude. Hala behar du gazteak. Gero, beteranoak gaude, eta dakiguna erakusten saiatuko gara». Gaztetasuna eta esperientzia omen nahasketarik egokiena talde batean: «Hala esaten dute, baina, auskalo, udan ikusiko da hori. Bitartean, lan egitea tokatzen zaigu, umil-umil, Zabalak esaten digun bezala, hamabigarren taldea garelako Euskolabel ligan orain».

Entrenatzaile lana, gogoko

Santurtzi ez da edozein talde arraun munduan. Historikoetako bat. Ur azpian egon da urteetan, eta iaz atera zuen burua ur gainera. «Aupa, Sotera!» oihua ezaguna da Euskal Herriko kostaldean, eta iaz berriz hasi ziren oihuka herritarrak. Onenekin da berriz ere Sotera traineru mitikoa, eta herrian antzematen dela giro berezia dio Portularrumek: «Aurreko entrenamendu batean, euria goian behean ari zuela, entzun genituen zaleak 'Aupa, Sotera!' animatuz. Castroko eta Urdaibaiko garaiak etorri zitzaizkidan gogora».

Unean uneko burutazio horiek baino indar handiagoa dauka bere buruan geroko nahi batek: «Entrenatzaile izatea gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Oraingoz, aurten gozatu, eta gero gerokoak».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!