Etorkinez ari garenean

Pat Cowie 2018ko mar. 30a, 16:00

Konbentzituta nago, informazio zehatza dugunean, iritzi arrazionalagoak ditugula eta ez emozioz, beldurrez edo inbidiaz betetakoak.

Kezka sortu didate nire lagun batzuek esandakoek: Etorkin mordoa etorri da herrira –Oriora, Aiara eta Zarautzera–. Nabarmena da medikuengandik eta gizarte langileengandik laguntza eskatzeko duten joera. Bertakoek baino laguntza gehiago jasotzen dute, ume gehiago dituztelako. Etxea errazago ematen diete, etorkinen aldeko arauek aginduta. Eta hemengoak gurasoekin bizitzen halabeharrez!

Harrituta nengoen, lagunok ez bainituen inolaz ere arrazistatzat edo xenofobotzat hartzen. Beste gaiekin irekiak dira, informatuak, sozialki arduratsuak… Halako gauzak esateko, orduan, zertan oinarritzen ziren? Oker zebiltzala uste nuela esan nien, baina ez nintzen gauza izan argumentuak gehitzeko, benetako informazioa zehatzik ez nuelako.

Funtsik ba al dago esaten dutenaren atzean, nahiz eta, akaso, egiten duten interpretazioa okerra izan? Zenbat etorkin etorri dira? Zer zerbitzu erabiltzen dituzte? Zer maiztasunekin? Nola dago araututa etorkinak laguntzeko programa?

Konturatu naiz horren gainean oso gutxi dakidala/dakigula, eta herritarrok jakin beharko genukeela egiazko egoera zein den, arrazoitu gabeko iritziak ematen hasi baino lehen. Batzuetan beldur gara, etorkinen inguruan hizketan hasten garenean, haien kontra jotzeko intentzioarekin egiten dugula ulertuko dela. Baina alderantziz izatea nahiko nuke: lagunen komentarioak entzuten ditudan hurrengoan prest egon nahi nuke erantzuteko.

Konbentzituta nago, informazio zehatza dugunean, iritzi arrazionalagoak ditugula eta ez emozioz, beldurrez edo inbidiaz betetakoak. Komeni zaigu datu batzuk eskura edukitzea, funtsik gabeko aurreiritziak edo generalizazioak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko. Beraz, hau eskatu nahi dut: gizarte zerbitzuek, udalek, eta baita Karkarak ere gaiari heldu diezaiotela, guk herritarrok jakin dezagun zertaz ari garen etorkinen etorreraz eta egoeraz hitz egiten dugunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!