50 mintegi izango dira Aiako landareen azokan

Karkara 2018ko api. 26a, 16:03
Larunbatean eta igandean Landare Berezien XVI. Azoka egingo dute Aiako Iturraran lorategi botanikoan. Kontinente guztietako landareak ikusi, ezagutu eta erosteko aukera eskainiko dute bertan.
Kontinente guztietako landareak ikusi, ezagutu eta erosteko aukera izango da asteburuan Aiako Iturrarango lorategi botanikoan: iratze zuhaiztiarrak, landare haragijaleak, barazki ekologikoak, bilduma zuhaitz eta zuhaixkak, landare tropikalak, zuhaitz txikiak, haziak, landare usaintsuak, iratze bildumak...  Iturraranen Landare Berezien 16. Azoka egingo da larunbatean eta igandean; bi egunetan 10:00etatik 18:00etara bitartean egongo da zabalik. Aurten, 50 mintegik parte hartuko dute.

Iturraranen landare berezien azokaren barruan hitzaldiak eta bisita gidatuak ere antolatuko dituzte bi egunetan. Gainera, haurrentzako jolaserako gune bat ere izango da, baita ere bertako lorategitik paseatzeko aukera. Azokaren barruan, jatekoarekin eta edatekoarekin postuak  jarriko dituzte, inguruko produktuak dastatzeko aukera eskainiz: sagardoa, gazta, taloak, Goiabe sukaldaritzako produktuak...
Igande goizean, berriz, Iturrarango azokaz gainera, Aiako plazan ere landareekin eta loreekin lotutako produktuekin azoka jarriko dute. Guztira, hamabost postu egongo dira.
 
Garraioa eta aparkalekuak
Iturraran parkearen inguruan bi aparkaleku antolatuko dituzte: Aiako herrian bat eta Orio ondoan bestea, Txurrukako aparkalekuan. Horietatik azokara etengabe autobus zerbitzua egongo da. Aparkalekuetatik azoka gunea lehenbiziko busa 9:45ean aterako da, eta azkenekoa 17:00etan. Azokatik aparkalekura, aldiz, 18:15ekoa izango da azkena.
 
Zarauzko tren geltokitik ere autobus zerbitzua jarriko dute. Lehenbizikoa 10:23etan aterako da Zarauztik, eta azkena, 16:23etan. Itzulerako autobusak, aldiz, 10:45etik 17:45 bitarte irtengo dira azoka gunetik.
 
Landare berezien azoka
Larunbata
10:00-18:00. Azoka zabalik izango da Iturraranen.
11:00. Hitzaldia: Cordobako atariak. Hizlaria: Inmaculada Porras biologoa. Gaztelaniaz. 
11:30. Biodibertsitatean lorategira bisita, euskaraz.
12:00. Biodibertsitatean lorategira bisita, gaztelaniaz.
Igandea
10:00-18:00. Azoka zabalik izango da Iturraranen. 
11:00. Hitzaldia: Naturako argazkilaritza. Hizlaria: Emilia Valencia argazkilaria. Gaztelaniaz.
11:30. Biodibertsitatean lorategira bisita, euskaraz.
12:00. Biodibertsitatean lorategira bisita, gaztelaniaz.
Aian herrigunean azoka gehigarria, goiz guztian zehar: Aiako plazan hamabost postu egongo dira landare eta landareekin zerikusia duten askotariko produktuak saltzen eta erakusten,
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!