"Aiak lasaitasuna eskaintzen dit"

Karkara 2018ko mai. 1a, 10:00

Aiako Udalak Jauregi Taberna-Jatetxea alokatzeko lehiaketa publikoa antolatu zuen iaz. Ainitze Osa 24 urteko zarauztarrak hartu zuen tabernaren kudeaketa eta oso pozik agertu da lehen urteko balantzearekin. Jatetxea ongi joan ez ezik, Aiak ematen dion lasaitasuna eta herrikoen gertutasuna nabarmentzen ditu.

Orain dela urte bete hartu zenuen jatetxearen ardura. Zer balantze egiten duzu?
Hasiera izan zen gogorrena. Ni ostalaritza munduan ibili naiz betidanik, barran edo zerbitzari, baina jatetxe bat hartzea ardura eta erantzukizun handiagoa dakar. Baina oso gustura nago.
Hainbat proiektu aurkeztu zitzaizkion Aiako Udalari, eta zurea aukeratu zuten. Pozik?
Bai, ez nuen espero. Aurkeztu nuen proiektuak adin desberdineko jendearentzat moldatutako zerbitzua hartzen zuen. Gazteentzat hanburgesak, plater konbinatuak... jatetxean 50 bat lagunentzat dugu lekua eta hor menu bereziak ere eskaintzen ditugu.
Zein balio erantsi eman diozue jatetxeari zure ustez?
Nire amak esku bat botatzen dit denean, eta egia esan bion artean, dugun terraza balioan jartzen saiatu gara. Familiak, turistak, bisitariak... guztiek hartzen dute gustura terrazan eguzkitan goxo goxo egotea.
Urte honetan zehar nabaritu duzu kanpoko jende gehiago etorri dela Aiara?
Bai, zalantzarik gabe, turista kopurua igotzen doa. Atzerritar dezente etortzen da jatetxera, Pagoetako Parke Naturalak eta herriak berak erakarrita; frantsesak, ingelesak, alemaniarrak... gero eta gehiago etortzen dira Aiara, baita Madrildik eta Kataluniatik. Hemengo lasaitasuna eta parajeak gustatzen zaizkie, baita eskaintzen zaien tratua ere.
Zarauztarra zara izatez, baina Aian bizi zara orain. Nolakoa izan da aldaketa?
Aldaketa nabaria da. Nire lagunak Zarautzen ditut, baina hemen bizitzea izugarri gustatzen zait. Aian dagoen lasaitasuna ez da leku askotan ematen. Asteburuetan jatetxea betetzen da eta sekulako giroa izaten da plazan, pilotalekuan, eta inguruetan. Aste tartean eskertzen da lasaitasun pixka bat. Dena den, azpimarratu behar dut aste artean lasaitasun horretan gurera etortzeak badituela abantailak, menua eskaintzen dugu prezio onean, baita bestelako platerak ere. Oriotar eta aiarrei gurera etortzera animatzen diet.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!