Jexuxmai Lopetegi: "Abesti enblematikoak joko ditugu Aiako plazan larunbatean"

Karkara 2018ko mai. 29a, 18:06

Akelarre taldeko partaide izan zen Jexuxmai Lopetegi (1956) abeslari eta musikari zarauztarra ia hamar urtean. Musika taldeak larunbatean Aian eskainiko duen kontzertuan izango da.

30 urteko ibilbidearen ondoren, 2005ean geldialdi bat egitea erabaki zuen Akelarrek.
Bai. Urte horretan disko bikoitz bat atera genuen,  DVD batekin. Berez, utzi 2004an edo utzi genuen; urtebete lehenago. Oialume dantzalekuan grabatu genuen disko bikoitz hura, eta gero kontzertu batzuk egin zituzten; ni ez nintzen egon hor. Iazko kontzertuetan, aldiz, izan nintzen.


Akelarrek oso tarteka ematen ditu kontzertuak orain.
Bai. Gainera, hau azken urtea izango dela iruditzen zait. 


Aian izango da kontzertu horietako bat, larunbat honetan. Plaza kuttuna al da zuentzat?
Bai. Garai batean, Aian urtean bi edo hiru kontzertu ematen genituen; abuztuko festetakoa eta Gabon egunekoa finkoak izaten ziren. Batzutan hirugarren bat ere bai, maiatzean.


Berriz itzuliko zarete Aiara. Nolako kontzertua emango duzue?
Iaz eman genituen kontzertuen antzekoa izango da. Akelarreren historian parte hartu dugun hamar edo 11 musikari elkartuko gara denera. Bi ordu eta erdi pasatxoko errepertorioa joko dugu.


Akelarreko partaide zineneko kantuak abestuko al dituzu?
Ni Jose Alberto Batizekin batera sartu nintzen taldean, Gauero zuzenean diskoaren garaian (1987). Aitor Amezaga, Jose Alberto Batiz,  Markos Juaristi eta Pako Diazekin batera osatu nuen taldea orduan. Laukote horrekin garai hartako hiru kanta joko ditut segidan. Eszenatokian zortzi musikari egongo dira, bi abeslari, bi gitarra jotzaile, teklatua, bateria, baxua...  Kontzertuaren erdi parean igoko gara gu oholtza gainera, eta duela 30 urte eman genuen moduko kontzertua emango dugu. Hor hartuko dut nik parte.

Ondoren, kontzertuaren bukaeran ere izango naiz. Eperra, Kantuz... oso kantu enblematikoak joko ditugu. Hiru abeslariak kantatuko dugu hor, duo eta guzti.

Akelarreren ibilbidea bi ordu eta erdiko kontzertu batera eramango duzue, beraz.
Bai. Kantu esanguratsuak emanaldi horretan joko ditugu. Horregatik bakarrik du duen arrakasta. Iaz egin genituen emanaldi guzti horietan kupoa bete genuen. Esaterako, Oialumen mila pertsonakoa jarri ziguten, eta bi aldiz bete zen. Iparraldean ere bai, 1.500 pertsona izan ziren kiroldegi batean.

Halako oihartzun bat dauka gaur egun 40 eta 60 urte bitarte dituen jendearengan, eta arrakasta handia du.

Aian ere orduerdi batean agortu ziren mila sarrera.
Bai. Aian ere eskaera bat badagoela iruditzen zait.

Zer eman dizu Akelarrek?
Profesionala izan nintzen urte horietan, erabatekoa. Musikatik bizi nintzen, musikarako. Hiru egunetik bi egun eta erdi egoten ginen taldekoak elkarrekin.

Bi urtetik behin prestatzen genuen diskoa, gutxi gorabehera. Zuzeneko emanaldiak, berriz, 120 inguru izaten ziren urtean. Entseguak, prestaketak... Horretarako bizi ginen, eta gustura. Zortzi urtean profesionalizatzeko aukera eman dit Akelarrek. Bost disko atera nituen ibilbide horretan Akelarrerekin.

Bakarka ere aritu zara azken urteotan. Non sentitzen zara erosoen?
Zazpi disko atera ditut bakarka. Oso ezberdina da taldean edo bakarka aritzea. Akelarren ez zen lidergo definiturik, talde eta plaza giroan pentsatuta egiten genuen musika. Dantzarako joera sortzen duen musika egin behar duzu taldean. Bakarka, ordea, intimistagoa da: leku itxietan jotzen duzu, jendea eserita dago, entzulea zure poesia lanak musikatuta entzuten ari da... Bietan sentitu naiz goxo.

Proiekturik baduzu esku artean?
Kantagileok beti ari gara kantugintzan. Azkenekoa Itzal Zaunka izan zen, Antton Olariagarekin eta Harkaitz Canorekin batera egindako proiektua. Oraintxe bukatu dugu urtebeteko ibilbidea: bakarlari bezala sartzea zaila izango nukeen Donostiako Antzoki Zaharrean jo dugu. Niretzat beste proiektu profesional bat izan da. Kantari bezala Lidia Insausti gonbidatu dugu. Kantu bakoitzak bere bideoklipa du... Beste gauza bat izan da emanaldi hau.

Hala ere, urtebeteko geldialditxo bat egitea gustatuko litzaidake. Gure Oroitzapenak lana argitaratuko da laster, Joseba Sarrionandiaren literatura oinarri hartuta egindako hamabi film laburreko lana, alegia. Paraleloki beste horrenbeste kantu bilduko dituen disko bat aterako dute, eta nire kantu bat sartuko dute disko horretan.

Gaueko autobus zerbitzu berezia jarri dute Aiara
Akelarreren kontzertua dela eta, Aiara joateko nahiz itzultzeko gaueko autobus zerbitzu berezia jarri du Euskotrenen Lurraldebus autobus zerbitzuak. Aia-Orio eta Aia-Zarautz arteko lineak indartuko dituzte larunbat  gau osoan zehar. Etxetxon egingo dute geldialdia Aiara igoko diren eta Aiatik itzuliko diren autobus guztiek.

Oriotik Aiara igotzeko, ohiko autobus zerbitzua izango da: 20:50ean eta 22:50ean. Horiez gain, beste bat ere jarri dute bi zerbitzuen artean: 21:30ean irtengo da autobusa, 22:30eko Gari eta Iñaki trikitilarien emanaldira garaiz igo nahi dutenentzat. Aiatik Oriora itzultzeko, berriz,  02:50ean, 03:50ean, 04:50ean, 05:50ean eta 06:50ean aterako dira autobusak Aiatik.

Oriotik ez ezik, Zarauztik ere eskainiko dute Aiara joateko zerbitzu berezia. Larunbateroko autobusak izango dira, 19:55ean eta 21:55ean Aiara irtengo direnak. Horiez gain, beste hiru autobus ere jarri dituzte larunbat iluntzerako: 19:45ean, 20:30ean eta 22:30ean igoko dira Aiara. Itzultzeko, berriz, 23:10ean izango da lehenengo zerbitzua; eta ondoren, 03:10etik 06:10era bitarte, ordubetero irtengo dira autobusak Aiatik Zarautzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!