47 parte hartzaile izango dira etzi Aia eta Andatza arteko XI. auto igoeran

Karkara 2018ko mai. 31a, 14:42

Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria izango da etzikoa. 14:00etan hasiko dira entseatzen, eta jarraian jokatuko dituzte txanda puntuagarriak. Andoni Iruretagoiena aiarrak hartuko du parte lasterketan.


Bihar (larunbata) jokatuko dute Aia eta Andatza arteko errepidean  XI. auto igoera. Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria izango da proba. Eguerdiko 14:00etan emango diete hasiera lehenengo txandari, eta 47 auto gidari lehiatuko dira.

Hasiera batean, egiaztapenak, administrazioko kontuak eta teknikak Andatza auzoan bertan egiten baziren ere, herrian bertan egiten hasi ziren iaz: Aurten lehenengo aldia izango da Herriko Plaza hartuko duguna, dio Arkaitz Iruretagoiena antolatzaileak. Aparkalekuan egin zuten azken lasterketan, baina Akelarreren kontzertua dela eta lekualdatu dute plazara.

Goizeko 9:30etik 12:00etara bitartean egingo dituzte egiaztatze administratiboak eta teknikoak. 13:00ak arte egongo dira kotxeak bertan, eta karabanan jaitsiko dira Andatza auzora. 14:00etan hasiko dute lasterketa, berriz ere Aiarako bidea hartuz. Lehenengo bi txandetan entseatzeko aukera izango dute gidariek, eta jarraian, lasterketarako puntuagarriak izango diren beste bi txanda jokatuko dituzte.

Lasterketa amaitzean emaitzetan errekurtsoak aurkezteko tartea irekiko dute, eta 19:00etan banatuko dituzte sariak. Denbora onena egiten duenak eramango du saria, baina txanda bakoitzeko denborak kontuan izango dituzte Euskadiko Txapelketarako.

Iruretagoiena, lehian
Euskal Herriko txoko guztietatik helduko dira auto gidariak, baina izango da aiarrik: Andoni Iruretagoiena herritarrak hartuko du parte lasterketan.

Gorka Eizmendi oriotarra gogotsu zen igoeran parte hartzeko, baina Arkaitz Iruretagoienaren hitzetan, tamalez ezin izan du autoa igoerarako prestatu: Lurraren gainean ibiltzeko autoa dauka, eta piezak aldatu egin behar izaten dira asfaltoaren gainean ibiltzeko. Ez du lortu azkenean, eta ez da aterako.

Hamaikagarren edizioa izango da bihar jokatuko dena, eta aurreko 9etan Aitor Zabaleta bergararrak lortu du helmugara bizkorren iristea. Aurtengo edizioan ere parte hartuko du.

Aia eta Orio arteko errepidea itxiko dute igoeragatik

Aia eta Andatza arteko XI. auto igoera dela eta, 13:00etik 20:00ak bitartean Aia eta Orio arteko errepidea itxi egingo dutela iragarri dute.

Errepide mozketak eragina izango du Lurraldebusen autobus zerbitzuan, eta Aia eta Orio artean ez dute geldialdirik egingo autobusek. Beraz, Zarauztik Aiara doan autobusak ez du ohiko ibilbidea egingo, eta Pagoetatik igaroko da Oriora iristeko. Oriotik Zarautzera iristeko ere ibilbide bera egingo dute autobusek. Horrez gain, Aiako geralekua Etxetxora lekualdatu dutela jakinarazi dute Lurraldebus zerbitzutik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!