Ritxi Goya: "Emakume baserritarrek daukaten indarra sinestezina da"

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 27a, 09:54
Ritxi Goia (Zarauzko Hitza)

Hitzez elkartearekin emakume baserritarren inguruko dokumentala egin dute Goya anaiek. Gaur estreinatuko dute lana, Zarauzko Merkatu plazako lehen solairuan, 20:00etan.

Kiroletako bideoak egiten aditua da Ritxi Goya (Zarautz, 1975). Azken hilabeteetan, ordea, proiektu ezberdin batean murgilduta ibili da Javi Goya anaiarekin batera. Emakume baserritarren Hitzez elkartekoekin elkarlanean, inguruko baserrietako errealitate ezberdinak islatzen dituen dokumental bat sortu dute anaia zarauztarrek. Gaur izango da dokumentalaren proiekzioa, Zarauzko Merkatu plazan, 20:00etan hasita.

Nola sortu zen dokumentalaren ideia?
Ideia, berez, ez zen gurea izan. Hitzez elkarteko emakume batek nekazal etxe bat dauka eta promoziorako lan bat egin nuen harentzat.  Hitzez elkarteak hamar urte bete zituela eta, dokumentu bat sortzea proposatu zidaten. Gidoi gabe hasi ginen, hainbat emakume baserritar elkarrizketatzen. Hasieran, hiruzpalau egunean egiteko lan bat izango zela uste genuen, baina oso istorio indartsuekin egin genuen topo. Beraz, proiektuari beste forma bat ematea erabaki genuen. Aia, Zarautz, Zumaia, Mutriku eta beste hainbat bazterretako emakume baserritarrak elkarrizketatu ditugu. Denetik ikusi dugu, oilasko haztegiak dituzten emakumeak, haragitarako zein esnetarako behiak dituztenak... Hamabost bat emakumerekin egon gara, baina lana bukatu gabe dagoela iruditzen zait, oraindik kontatzeko asko dagoelako.  

Emakumeak dira elkarrizketatu guztiak.
Hitzez elkartea baserritar emakumeena da, eta hala zegokion dokumentalari. Gainera guk isladatutako kasuetan nabarmena da baserria emakumeek eramaten dutela. Asko eta asko alargunak dira, eta familiaren eta baserriaren pisu guztia erori zaie gainera. Alargunak ez direnen istorioak ere sinestezinak dira.  Zur eta lur uzten dute pertsona emakume horien kontuek. Merkatu plazan ikusten dira mutilak, baina orokorrean guztiak emakumeak dira. Gainera, gaur egun berdintasunarekiko dagoen kontzientzia kontuan hartuta, dokumental honetan askok imajinatu ere ezin duten errealitateak ikusten dira. Emakume horiek daukaten indarra sinestezina da.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Zarauzko Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!