Aiako gazteak herriko jaietan protagonista

Karkara 2018ko abu. 2a, 19:00
2017ko Gazte Eguneko herri-kirol jaialdia. (Aiora LarraƱaga)

Astelehenean abiatuko dituzte San Donato eta San Lorentzo Jaiak Aian. Dena dela, larunbaterako Gazte Eguna antolatu dute.

Gora San Donato eta San Lorentzo! esanez hasiko dituzte aurten ere Aiako jaiak, datorren astelehenean izango da, 19:30ean. Dena dela, herritarrak jai giroan murgiltzeko II Gazte Eguna antolatu dute larunbaterako, eta iaz auzoen arteko herri-kirolek izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Andatza, Santio Erreka-Arrutiegia, Urdaneta-Elkano, Etxetaballa, Aiako kaskoa eta Australia Team taldeek parte hartuko dute kirola eta umorea uztartuko dituen norgehiagokan.

Jarraian, Paella Lehiaketa aitzakitzat hartuta, herri bazkaria egingo dute frontoian, festari jarraipena emate aldera.

‘Karroza’ prestatzen

Pixkanaka Aiako gazteak herriko festak antolatzeko ardura hartzen ari dira, eta nabari da horien esku-hartzea San Donato eta San Lorentzo Jaietako ekimen askotan. Abuztuaren 9an, San Donato Egunaren bezperan esaterako, Aian ohitura bihurtu den 'Karroza' egingo dute herriko plazan. Aroa Fernandez eta Udane Hoyos dira ekimena antolatzearen arduradunak, eta aurtengoan ere ezusteko mordoa izango direla nabarmendu dute. Duela lau-bost urte hartu genuen jaietako 'Karroza' prestatzeko ardura. Ordutik gaurkotasuna duten gai desberdinak ardatz hartuta prestatzen dugu emanaldia, azaldu dute Fernandezek eta Hoyosek.

Izan ere, Aian 'Karroza' izenez ezagutzen dena, 'esketx' desberdinez osatutako kale antzerkia izaten da. Lehen, hitz-jarioa ederra zuten bi aiarrek, asto bat lagun zutela, umorez betetako elkarrizketa egiten zuten plazan jendaurrean, eta barre-algaraka jartzen zituzten herritarrak. Gu jai batzordeko kideak gara eta bi lagun horiek 'Karroza' egiteari utzi ziotenean, guk hartu genuen haien lekukoa, aipatu dute bi gazteek. Dena dela, 'Karrozako' aurreko arduradunekin harremanetan jarraitzen dute, eta ideia desberdinak proposatzeko eta ikuskizuna prestatzeko elkartu ohi dira. Izan ere, guk orain 'esketx' desberdinen gidoiak prestatzen ditugu aldez aurretik».

Aurtengo 'Karroza' prest-prest dute dagoeneko, baina ezin dute ezer aurreratu. Hala ere, aipatu dute umorea izango dela emanaldiaren osagai nagusia. Gure helburua herritarrei barre eraginaraztea da, baina ohartu gara ez dela lan erraza. Gure aurretik jaietako Karroza egiten zutenek dohai berezia zuten horretarako. Guri aldiz, gertatu izan zaigu, barregarria edo xelebrea iruditzen zaigun txisteren bat jendaurrean kontatu, eta barre-algara sortu beharrean, publikoa isil-isilik geratzea.

Horrelakoak oso une zailak izaten direla aipatu dute Fernandezek eta Hoyosek, baita plazatik alde egiteko gogoa ematen duela ere, baina egoerari buelta ematen jakin behar da; nork bere buruan konfiantza izan, eta hurrengo txisteak publikoa barre-algaraka jarriko duela sinetsi.

Urtero bezala, bi gazteak ilusio handiarekin prestatzen ari dira aurtengo jaietako antzerki emanaldia, eta aiarrak eta bisitariak ezustekoz betetako ikuskizunaz gozatzera gonbidatu dituzte, abuztuaren 9an.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!