Motorrik gabe hegan egiten duen aiarra

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko abu. 31a, 09:00
Javier Fernandez hegan.

Duela bi hamarkada murgildu zen Javier Fernandez motorrik gabeko hegaldiaren munduan. Askorentzat kirol ezezaguna denez, hegan egiteko modalitate horren sekretuak izan ditu hizpide aiarrak.

Jaiotzez donostirra bada ere, bi hamarkada baino gehiago daramatza Javier Fernandezek Aian bizitzen. Ezaguna da herritarren artean, baina gutxik dakite bere pasioaren berri, motorrik gabeko hegazkinak pilotatzen baititu.

Umetatik hegan egitea zuen amets Javier Fernandezek. Irudimena lagun, hegan egiten zuela jolas egiten zuen txikitan, eta adinean aurrera egin bazuen ere, ez zitzaion hegan egiteko harra desagertu. "Hasieratik harrapatu ninduen motorrik gabe hegan egiteak. Naturarekin kontaktuan gaude uneoro eta adi-adi jarraitzen dugu hegaztien hegaldia; putreren bat bira egiten ikusten badugu, zuzenean joaten gara hura dagoen lekura, gorazko joera duen aire bero korronte bat dagoela esan nahi baitu", adierazi du.

Ezkondu berritan, emazteak animatu zuen Fernandez hegan egitera. "Hasieran ez nekien nora jo, baina ultrarinen formakuntza eskaintzen duen Burgosko lagun batekin jarri nintzen harremanetan. Bere interesen aurkakoa bazen ere, hark aipatu zidan hegan egiten ikasi nahi banuen, egokiena motorrik gabeko aireko balaontzian ibiltzen ikastea zela". Zer zen ez zekienez, interneten nabigatuz izan zuen motorrik gabeko hegaldiaren berri, eta Avilako herrixka batera joan zen lehen ikastaroa egitera.

Ia 20 urte pasa dira ordutik, baina aiarrak gogoan ditu egun horiek, hainbat bitxikera gertatu baizitzaizkion. "Avilakoa ez zen ni bila nenbilena. Izan ere, bertan tornoaren bidez aireratzen ginen, eta merkeagoa bada ere, oso altura gutxi hartzen du hegazkinak, eta ondorioz hegan denbora gutxiago egin daiteke". Beraz, Estatuaren hegaldi eskolara jo zuen Fernandezek, eta han ezagutu zuen gaur egun egiten duen modalitatea. Motordun hegazki txiki batek atoian eramanda airerantzen da Fernandez. "Urte bete egon nintzen ikasten. Hegan egiteko baimena lortzeko bakarka 20 hegaldi egin behar izaten dira. Ondoren, azterketa gainditzea lortu nuen, eta orduan hasi nintzen hegan".

Kirol ezezaguna
Fernandezen iritziz "asko garatu" da motorrik gabe hegan egiteko modalitatea azken urtetan. Klimatologia-baldintzak aprobetxatzen dituzte hegazkintxoarekin planeatzeko. "Termikak, edo goranzko joera duten aire beroz osatutako poltsak bilatu, eta horietan murgiltzen saiatzen gara pilotuak, aire beroarekin batera gora egiteko" azaldu du Fernandezek. "Motorrik gabeko hegaldia sortu zenean helburua ahal den denborarik gehiena hegan egitea izaten zen, baina guztiz aldatu da egoera. Orain egun batean egin ditzakegun kilometro kopurua neurtzen dugu".

Bestalde, Espainiako baldintzak motorrik gabe hegan egiteko aproposak direla dio aiarrak, baina kirol ezezaguna da oraindik. Euskal Herrian esaterako elkarte bakarra dago, iparraldean, baina Fernandez Jacako klubeko bazkidea da. Europan berriz, ezagunagoa da kirola. "Alemaniarrak dira motorrik gabe hegan egiteko lizentzia gehien dituztenak, eta oso trebeak dira. Dena dela, arazo bat dute, Alemanian ez dituzte hegan egiteko baldintza egokiak, eta Espainiara joaten dira kirola egitera, batez ere Madril, Avila eta Segovia inguruan jarduten dira. Hauek egunean mila eta mila eta berrehun kilometro inguru egitera iritsi daitezke".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!