Hainbat jarduera antolatu ditu Iturraran Parketxeak, urrirako

Karkara 2018ko urr. 2a, 14:44

Saguzarren behaketa, hegazti sarraskijaleen argazki erakusketa eta sagar bilketa egingo dituzte datozen astetan.

Saguzarren behaketa
Urriaren 6an, datorren larunbat iluntzean saguzarren bizi-ohiturak, espezie motak, elikadura, ehizatzeko eta hegan egiteko moduak eta askoz gehiago ezagutzeko aukera izango da Iturraran Parketxean. Lehenik eta behin, Ane Caro eta Unai Baroja adituek azalpen orokorrak emango dituzte Iturrarango ganbaran, eta jarraian parketxeko inguruetan saguzarrak bilatuko dituzte parte-hartzaileek. Horrez gain, gerturatzen direnek, aplikazio bati esker, saguzarrak entzuteko aukera ere izango dute iluntzen duen bitartean, hori baita saguzarrak behatzeko momenturik egokiena.

Irteeraren prezioa bost eurokoa da, eta lau kideko familiek 15 euroko tarifa murriztua izango dute.

Iberiar Hegazti sarraskijaleen argazki erakusketa

Iberiar hegazti sarraskijaleen argazki erakusketa urriaren 9a bitartean izango da ikusgai Iturraranen, eta datorren igandean Ramon Arambarri eta Mario Bregaña argazkilariek bisita gidatua eskainiko dute erakusketan zehar.

Iturraranetik azaldu dutenez, kalitate handiko argazki bilduma da, "Arambarrik eta Bregañak hegazti nekrofagoen alderdi ederrenak harrapatu baitituzte bertan".

Sagar bilketa
Sagarrak biltzeko sasoian daude sagastiak, eta Iturraran Parketxeak Satxota Sagardotegiarekin elkarlanean sagar bilketa antolatu du urriaren 14rako. Sagarra, sagarrondoak, bizi zikloa, polinizazioa, sagar motak eta sagardoa izango dituzte hizpide jardueran zehar. Eta, sagarrak biltzeaz gain, sagar mota eta sagardo desberdinak dastatuko dituzte parte-hartzaileek; gainera, gazta eta irasagar pintxoak ere eskainiko dituzte.

Jardueraren prezioak 8,50 eurokoa izango da.

Erreserbak
Aurretik aipatutako jarduera guztietan plaza kopurua mugatua izango da, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Izena eman edo informazio osatua jaso nahi dutenek, 943835389 telefonora deitu, edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi dezakete.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!