30 urte berrikuntzaren gailurrean

Karkara 2018ko urr. 2a, 17:30
Ekitaldian parte hartu zuten bi gonbidatu Larraiozek garatzen duen teknologia ezagutzen.

Aiako Larraioz enpresak 30 urte bete ditu, eta pasa den ostegunean ekitaldia egin zuten urteurrena ospatzeko.

Pasa den ostegunean Aiako Larraioz enpresak ekitaldia egin zuen Francisco Aristegieta Zentro Teknologikoan. Mekatronikan, automatizazio adimenduan eta robotikan aditua da Larraioz enpresa, eta enpresaren sortzaile Bittor Larraiozek urteurren borobila ospatzeko elektronika, robotika eta mekatronika sektoreko eragile ugari bildu zituen Aian. Bertan izan ziren, Europan Kawasaki Robotics enpresako zuzendari nagusia eta Iconics-ekoa, baita Larraiozen bezero garrantzitsuak ere: ULMA Packaging, MTorres eta Mondragon Unibertsitatea, besteak beste. Horrez gain, erakundeetako ordezkariak ere gonbidatu zituzten ekitaldira; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburu Arantza Tapia, eta eskualdeko hainbat udal ordezkari bildu ziren hitzorduan.

Euskal Herrira itzulera
Ekitaldian zehar, Larraioz enpresaren balioak nabarmendu zituen Bittor Larraioz sortzaileak, eta bere osaba Francisco Aristegieta izan zuen gogoan uneoro. Izan ere, aipatu zuen Aristegietak 36ko gerran Euskal Herria utzi behar izan zuela iparraldera herbesteratzeko, eta handik Argentinara joan zela. Argentinan jaio zen Bittor Larraioz bera ere, eta duela 30 urte inguru itzuli zen familiaren sorterrira. "Eskerrak eman behar dizkiot Francisco Aristegietari, berak sortu baitzidan elektronikarekiko zaletasuna eta grina, eta hark erakutsi zidan ahaleginaren eta lanaren kultura", azaldu zuen Larraiozek ekitaldian.

Azken 30 urtetan Larraioz enpresak ibilbide oparoa izan du, eta bilakera horren sekretua garai berrietara moldatzeko gaitasuna dela adierazi zuen Bittor Larraiozek. "Hasiera batean, enpresa sortu genuenean elektronikaren munduan murgildu ginen. Izan ere, ohartu ginen inguruko makina-erraminta enpresek mekanika arloan eskarmentu handia zutela, baina gabeziak zituztela elektronikan, eta horiekin elkarlanean hasi ginen. Enpresa txiki eta ertain guztiak bezala, gurea enpresa malgua da, eta azken hiru hamarkadetan merkatuaren beharretara egokitu gara". Gaur egun, Larraiozen bezero nagusiak fabrikatzaileak dira; "adituak gara mugimendu-kontrolean, robotikan, eta enpresek industria arloan izan ditzaketen zailtasunei irtenbidea ematen diegu", azaldu zuen enpresaren sortzaileak.

Bukatzeko, Larraiozek eskerrak aman zizkien 30 urtetan zehar bidelagun izan dituen norbanako, enpresa eta erakunde guztiei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!