Aian abiatu da eskualdeko kultura eta gastronomia uztartzen dituen 'Itsasotik Herrira' ekimena

Karkara 2018ko urr. 12a, 13:09

Bertso saioa eta zuzeneko horma irudia eskaini dira eguerdian herriko plazan. 13:00etan hasita, gazta, txakolina eta sagardo dastaketaz gozatzen ari dira Aiara gerturatutako herritarrak eta bisitariak. Bihar, larunbata, hilak 13, Orion hainbat ekintza egingo dira eskualde mailako ekimen honen baitan: 17:00etatik aurrera, kalejira, antzerkia, eta bisigu dastaketa izango dira herrigunean, besteak beste.

Urriaren 12an eta 13an Itsasotik Herrira ekimena egingo dute Urola Kostako bost herritan. Urola Kostako Udal Elkarteak bultzatu du egitasmoa, eta eskualdeko sortzaileak eta kultur eragileak izan ditu bidelagun itsasoa ardatz izango duen jaialdia antolatzeko. Horrez gain, Kosta Gastronomika proiektuko jardunaldiak ere hartuko ditu Itsasotik Herrira ekimenak.

Denera, 13 diziplinetako 60 eragilek parte hartu dute egitasmoan, eta 30 ekimen inguru eskainiko dira bi egunetan. Artisautza, erakusketak, antzerki ikuskizunak, eskultura, margolanez edo musikaz gozatzeko aukera izango da, besteak beste.

Egitarauaren esku orria eskuratzeko eta bisita gastronomikoetan izen emateko UKUEren webgunera jo dezakete interesatuek. Oro har, Itsasotik Herrira ekimenaren inguruko informazio www.itsasotikherrira.eus webgunean dago eskuragarri.

 

EGITARAUA

Urriak 12, ostirala
Aia
- 11:00. Aia, natura eta gazta bisita gidatua eta gazta dastaketa, Kosta gastronomika ekimenaren barruan.
- 12:00. Irekiera ekitaldia Aiako plazan.
- 12:15. Berso saioa eta zuzeneko horma irudia. Ekimenean parte hartuko dute Andoni Egaña, Ainhoa Agirrezaldegi eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariek, eta Goretti Aranburu, Mikel Mendizabal, Alazne Odriozola eta Xabier Trejo margolariek.
- Joseba Esnalen, emakumea eta itsasoa erakusketa.
- 13:00. Gazta, txakolina eta sagardo dastaketa herriko tabernetan

Zumaia
- 12:00etik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara. Amaia Zinkunegiren, Aran Santamariaren eta Anden Ormazuriren erakusketa Kofradian.
- 16:00. Eskualdeko ontzigintzari buruzko erakusketa Kofradiako plazan, Beduola elkartearen eskutik.
- 17:00. Batel erakustaldia ibaian.
- 18:00. Flycheko olagarroaren urratsak jarraituz: olagarro pintxoak eta txakolina. Kosta Gastronomikaren barruko ekimena.
- 22:00. Buffalo taldearen kontzertua Kofradian. Zarautz - Artisau Azoka Lege Zaharren Enparantzan.

Urriak 13, larunbata
Zarautz 
- 10:30. Itsasoari 8 begirada bizipen ibilaldia. Ibilbidean zehar, Aran Santamaria, Ander Ormazuri, Paulo Albizua, Lore Agirre, Amaia Zinkunegi, Barbara Stammel, Xabier Insaustiren eta Manu Urbietarren artelanak izango dira ikusgai. 
- 12:00. Kantujira Lege Zaharren Enperantzatik hasita.
- 17:00. Artisau tailerrak Lege Zaharren Enparantzan. Xaboi eta esmalte tailerra haurrentzat. 
- 19:00. Food&Creation. Gastronomia eta sormena lotuko dituen ekimena. 
- 20:00. Lagun artean jarduera. Poteoa koadrilan, Zarauzko historia, anekdotak, eta dastaketa edari eta pintxoekin. Kosta Gastronomikaren barruan. 
- 22:00. The Garce of Dionysus talearen kontzertua Lege Zaharren Enparantzan.

Getaria
- 11:30. Itsasoari 8 begirada bizipen ibilaldiaren amaiera.
- 11:30. Open Lab Urola Kosta Berdura plazan. 3D inprimagailuarekin batel prototipoak eta haurrentzako tailerrak.
- Berreskuratutako batelak erakusketa pilotalekuan.
- 12:30. Egurretik altzairura diaporama emanaldia Javier Carvalloren eskutik. 
- 12:30. Txakolinaren txinparta jarduera, Kosta Gastronomika egitasmoaren barruan. 
- 13:15. Antxoa tailerra eta Getariako txakolin dastatzea.

Orio
- 17:00. Eskualdeko musika eskolen topaketa, eta kalejira herrian zehar.
- 18:00. Baldartxo jauna antzezlana herriko plazan.
- 19:00. Bisigua Orio estilora ekimena. Bisigua prestatzen ikasteko master classa emango dute herriko erretegi batean. Kosta Gastronomikoa ekimenaren barruko jarduera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!