Laurgain etxeko bizipenak irakurgai Joxe Mari Lertxundiren liburu berrian

Karkara 2018ko abe. 28a, 10:22
Gipuzkoako Foru Aldundiak Auspoa saileko 336.zenbakia argitaratu berri du Joxemari Lertxundiren (Aia, 1932) Iragana gogoratuz liburua. Laurgain etxeko zaintzailea urte askoan izandakoa, bertako oroitzapenak eta bizipenak jasotzen dira atzo, abenduaren 27an, bere herriko udaletxean, familia eta lagun artean aurkeztutako argitalpenean. 400 ale atera dituzte, eta salgai daude Zarauzko Garoa liburudendan eta Donostiako Koldo Mitxelenan. Auspoako bazkideek ere eskuragarrri dute.
Joxe Mari Lertxundi (1932, Aia), bertsolaria izateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko langile izana da; hain zuzen, foru erakundearen Laurgain etxearen zaintzaile izan zen urte askoan, 1965etik 1998ra.
 
Urte guzti horietan, Lertxundik Laurgainen eta Pagoetako Parke Naturalean bizi izandako bitxikeriak eta oroitzapenak jasotzen dira Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu berri duen 'Iragana Oroituz' liburuan. Zehazki, Auspoa saileko 336. liburuxka da atzo gaualdean Aiako udaletxean Lertxundiren familiaren eta lagunen berotasunean aurkeztutako lana.
 
Joxemari Iriondo izan da edizioaren arduraduna. Bart arratsaldeko agerraldian 'Iragana Oroituz' liburuaren nondik-norakoak azaldu zituen aurkezle eta kazetari azkoitiarrak: Aiako herriari eta inguruari dagozkion gogoetak eta istorioak dakarzkigu Joxe Marik 'Iragana gogoratuz' honetan. Bizitzan zehar bere inguru hurbilean dituen historia eta istorio zahar eta berri interesgarriak jaso eta metatu ditu orain ere, Laurgaingo basetxe maitagarria utzi zuenez gero asti gehixeago ere izan du-eta horrelako lanetarako.
 
Laurgain etxea eta Pagoetako Parke Naturala
1965.urtean hasi zen Joxe Mari Lertxundi garai hartako Laurgain etxearen zaintzaile lanetan. Laurgain etxea nire etxetzat nuen, hura zaintzea izan zen nire betebeharra eta nahia bertan lanean hasi nintzenetik, azaldu zuen Lertxundik aurkezpenean. Foru Aldundiak Parke Natural sareak sustatu zituen denboran ere, aiarra Laurgain etxean zen lanean. Hasiera-hasieratik bizi izan nuen Pagoetako Parke Naturalaren sorrera. Aldaketa nabarikoa izan zela agertu zuen Lertxundik. Batetik, -zioen- Laurgain etxea, diktadura garaian, aterpe moduko bat izatera heldu zen niretzat eta aiar zein ingurukoentzat. Gero, -gaineratu zuen- demokraziaren etorrerarekin, eta Parke Naturalaren sorrerarekin, bisitariei ireki zitzaion, bere alde on eta txarrekin. 
 
Lertxundi eta bertsolaritza
Iriondok eta Aiako alkateak, Nekane Arrizabalagak, Lertxundiren ibilbide profesionala ez ezik, Joxemari Lertxundik bertsolaritzan utzitako aztarna ere nabarmendu zuten:  Idazle eta Laurgaingo zainzaile ez ezik, bat-bateko bertsolari, bertso-jartzaile eta bertsozale porrokatua ere badela esan behar dugu Lertxundi. Horrelaxe aitortzen zuen ere bart gaueko protagonistak berak: Etxean bertsozaletu nintzen, gure aitak bertso zahar asko kantatzen zuen, eta bat-batekoak ere tartekatzen zituen sarri.
 
'Irigana oroituz' lanean ageri dira bertsolaritza munduko hainbat eta hainbat pasarte. Aurkezpenean izan zituen bere garaian bertsokide izan zituen hainbat bertsolari, ekitaldiari bertso-saio labur batekin itxiera eman ziotenak.

Auspoa sailean ezaguna da lehendik ere Joxe Mari Lertxundi. Bere lehenengo liburua, Baso tarteko oiua (Auspoa 167), 1983an eman zuen edizio taldeak argitara; 1991n plazaratu zuen Igaroari begira (Auspoa 214); 1994an, Sorlekuaren kezka (Auspoa 220); eta 1996an, Beti festara begiak (Auspoa 236). Atzo aurkeztutako 'Iragana oroituz' liburua Auspoa bildumako 336. lana da; eskuragarrri dute, Auspoako bazkideek, eta salgai da Zarauzko Garoa liburudendan zein Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian.

 
 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!