Laurgaingo zaindaria, 'Iragana gogoratuz'

Ainara Lasa 2019ko urt. 27a, 20:00
Joxe Mari Lertxundi, bere etxeko sukaldean

Joxe Mari Lertxundi (Aia, 1932) Laurgaingo basetxearen zaintzaile izan zen 33 urtean. Orain, aiarrak urte horietan guztietan bere lanean bizi izandako bitxikeriak eta istorioak jaso ditu liburu batean.

Joxe Mari Lertxundi Zuloaga, Aiako Argin baserrian jaio zen, Arruti-egia bailaran, 1932ko abenduaren 9an; eta jaioterrian darama bizialdia. Bere ustez, izan ere, non hauxe baino leku hoberik bizitzeko? adierazi zuen pasa den abenduaren 27an Joxe Mari Iriondo kazetariak, Lertxundiren 'Iragana gogoratuz' liburuaren aurkezpenean.

Aurkezpen ekitaldia, familia giroan
Gipuzkoako Foru Aldundiak Auspoa saileko 336.zenbakia argitaratu berri du Joxemari Lertxundiren Iragana gogoratuz liburua. Laurgain etxeko zaintzailea urte askoan izandakoa, hango oroitzapenak eta bizipenak jasotzen dira lanean. Joan den abenduaren 27an, bere herriko udaletxean, familia eta lagun artean aurkeztu zen Lertxundiren lan berria.

Joxe Mari Lertxundi, bertsolaria izateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko langile izana da; hain zuzen, foru erakundearen Laurgain etxearen zaintzaile izan zen urte askoan, 1965etik 1998ra.

1963ko urtarrilaren 9an ezkondu zen, bere andregai Maria Konzepzion Ibargurenek 27 urte bete zituen egunean. Eta Aiako Galarzelai Txiki etxean bizitzen jarri ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Laurgaingo basetxearen ardura eman zien arte. Hiru seme izan genituen Mariak eta neronek. Bigarren haurtxoa jaioberritan hil zitzaien, zoritxarrez, gogora ekarri zuen Lertxundik.

Aiako herriari eta inguruari dagozkion gogoetak eta istorioak dakartza Joxe Mari Lertxundik 'Iragana gogoratuz' liburuan: Bizitzan zehar nire inguru hurbilean ezagutu nituen historia eta istorio zahar eta berri interesgarriak jaso ditut, Laurgaingo basetxe maitagarria utzi nuenetik asti gehixeago ere izan dut-eta horrelako lanetarako.

Joxemari Iriondo izan da edizioaren arduraduna. Aurkezpen ekitaldian 'Iragana gogoratuz' argitalpenaren nondik-norakoak azaldu zituen aurkezle eta kazetari azpeitiarrak: Aiako herriari eta inguruari dagozkion gogoetak eta istorioak dakarzkigu Joxe Marik lan honetan.

Egileak berak, KARKARAri aurkezpenaren ondoren bere Aiako etxean eskainitako elkarrizketan aitortu zionez, Laurgain etxea nire etxetzat nuen, hura zaintzea izan zen nire betebeharra eta nahia bertan lanean hasi nintzenetik. Foru Aldundiak Parke Natural sareak sustatu zituen denboran ere, aiarra Laurgain etxean zen lanean.

Hasiera-hasieratik bizi izan nuen Pagoetako Parke Naturalaren sorrera. Aldaketa nabarikoa izan zela agertu zuen Lertxundik. Batetik, —zioen— Laurgain etxea, diktadura garaian, aterpe moduko bat izatera heldu zen niretzat eta aiar zein ingurukoentzat. Gero, -gaineratu zuen- demokraziaren etorrerarekin, eta Parke Naturalaren sorrerarekin, bisitariei ireki zitzaion, bere alde on eta txarrekin.

Aia eta bertsolaritza
Idazle eta Laurgaingo zaintzaile ez ezik, bat-bateko bertsolari, bertso-jartzaile eta bertsozale porrokatua ere badela esan behar dugu Lertxundi —goraipatu zuen Iriondok liburuaren aurkezpenean—. Horrelaxe aitortu dio KARKARAri protagonistak berak ere: Etxean bertsozaletu nintzen, gure aitak bertso zahar asko kantatzen zuen, eta bat-batekoak ere tartekatzen zituen sarri.

Lagunartean ezaguna bazen ere, 1963an hasi zen bere burua ezagutzera ematen benetako Lertxundi bertsolaria. Izan ere, urte horretan herriko bertsolarientzat txapelketa antolatu zuten Aiako kaskoa eta auzoetako lau apaizek. Egin behar ziren saioak egin, bertsozale askoren gose-egarriak asebete, eta Joxe Mari Lertxundik jantzi zuen herriko bertsolarien lehenengo txapela.

Baina irrikaz zeuden aiarrak berriz ere herriko bertsolarien indarrak eta trebeziak neurtzeko. Eta lehenengo txapelketa
hura egin eta handik hogeita hiru urtera, Aia eta auzoetako bertsolarien norgehiagoka antolatu zuen Udaletxeko
festa-batzordeak, 1986an. Herriko eta inguruko bertsolarien txapelketaz gainera, 1989an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 1991n egin zen Gipuzkoako txapelketan ere saiatu zen
Lertxundi, eta aurrera samar joan zen.

Hala ere, bat-bateko lana baino, bertso idatziak, bertso jarriak maiteago izan dituela kontatzen du Lertxundik. Xenpelar, Bilintx, Txirrita eta garai bateko beste bertsolari zaharrek egin zuten bezalaxe, bertso asko idatzi izan du. Ezagun bezain maiteak izan ditut Basarri, Uztapide, Xalbador, Lasarte eta abarren bertso idatziak. Maisu onak dira horiek zerbait ikasi nahi duen bertso-jartzailearentzat.

Laurgain: burgesiaren eta kulturaren topagune
Laurgainen bizi izan zituen egun onak eta gaiztoak, garaian-garaiko joera ezberdinetako politikoen zerbitzuan zintzotasun handiz egindako lanak ere gogora ekartzen ditu Lertxundik.

Lardizabal familiaren, Narrosko Markesaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko tratuak Aia aldeko
baso-lurrak eta baserriak erosteko, 1956ko urtarrilaren 30ean, on Antonio Zabaleta eta hamabi laguneko bere taldearen
aurrean herriko 'Joanena' ostatuan egin nuen nire lehenengo bertso-saio hura, Lambretta moto berrian izan nuen istripu larria, Balduino eta Fabiola errege-erreginen bisitak Laurgainera... makina bat istorio jasotzen ditut liburu
honetan.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusien eta kargudunen ospakizunak Laurgaingo basetxean, Ardantza familiaren ospakizun batean erlesemeak eman zizkien estutasunak, EAJren iskanbila eta erdibitzea, Añabasoko bordaren inaugurazioa eta han botatako bertsoak... Baina batez ere —azpimarratzen du Lertxundik— euskal kultura munduko makina bat jendek Laurgainen egindako bilera eta amaigabeko solasaldiak oso gogoan ditu, 'Iragana gogoratuz'.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!