Arditik ardira, historiaren artilean barrena

Karkara 2019ko api. 27a, 14:05

Aian mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi ehundutako historia eta ondarea jaso dute Ardi Jolasean. 63 laukik osatzen dute jolasaren zirkuitua, eta herriaren irudikari kolektiboak barnebiltzen dituen pertsona, gertaera eta lekuak islatu dituzte taula erraldoian.

B ihotz itxurakoa da Aia; Pagoetak, Iñurritzak eta Oriak babestutako 56 km2ko bihotz berdexka bat. Hamaika muskuluk josten dute haren metabolismoa, auzo forman: Alde Zaharrak, Arrutiegiak, Kurpideak, Etxetaballak, Iruretaegiak, Olaskoegiak, Andatzak, Santio Errekak, Laurgainek, Altzolak, Urdanetak eta Elkanok. Mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, guztien arteko uzkurdura erritmiko eta etengabeen bidez eragin dituzte Aiako taupadak. Aiako historia bizi-bizia marraztu dute eta haren lekuko izan dira, urteak joan eta urteak etorri.

Dema plazaren sabaian kokatutako Aiako Ardi Jolasak, uzkurdura erritmikoen bidez baino, erruletaren erritmora eta esanera taxutzen du bertako historia. Iraganetik orainera jauzi egiteko aukera ematen du, nekez eraikitako historian barrena. Laukitxo batetik bestera mugitzean, mende batetik bestera, aro batetik bestera salto egin daiteke, segundo gutxi batzuen buruan. 13 metroko luzera eta 6 metroko zabalera dituen jolas horrek biltzen du denborak higatu ezin duen Aiako historia, edo agian, historia baino gehiago, Aiako istorioak, Eneko Sainz sortzaileetako batek azaldu duen moduan. Zenbaezinak diren istorioak eta urte luze eta amaigabeak, 836 baldosatan jasoak, gordeak eta izoztuak.

Laupauso Estudioko Asier Erguinek eta Esti Lizarretak, Eneko Sainz historialariak eta Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak sortu zuten Ardi Jolasa, elkarlanean eta talde lanean. Aiako historia eta ondarea nolabait jasotzea eta azaltzea da helburua, herrian pisua izan duten gertakarien, pertsonen zein lekuen inguruko zertzelada batzuk emanez. Jolasaren sorkuntza prozesua historiaren dinamika bezalakoa izan da, sortzaileen arabera; luzea, aldakorra eta bizia.

63 lauki, 63 islada
63 laukiz osatutako zirkuitu bat barnebiltzen du jolasak. Antzara Jolasaren arau berdinak ditu, baina antzaren ordez, ardiak daude irudikatuta; zubien ordez, errotak, ur putzuaren ordez, elur zuloa, eta ostatuaren ordez, Iturriozko Benta zena. Helmugara lehenengo iristen denak irabazten du partida. Jokalari bakoitza da pieza, eta erdian kokatuta dagoen erruletak betetzen du dadoaren funtzioa, jolasaren erritmoa eta pertsona bakoitzak historian barrena biziko duen bidaia markatuz.

Taula erraldoiko baldosek islatzen dituzten pintzelada historikoak eta kontaketa kolektiboa hautatzeko, bi alde dituen prozesu bati heldu zioten jolasaren sortzaileek. Alde batetik, Aiako Udalaren agiritegiko dokumentuak aztertu zituzten; bestetik, herrian bolo-bolo dabiltzan istorioak hartu genituen oinarri, adierazi du Sainzek: Aiako irudikari kolektiboan dagoen kontaketa bildu nahi genuen. Herritarrekin bildu ziren, agirietan agertzen ez dena jasotzeko, Erguinen esanetan. Modu horretan izan zuten, esate baterako, Amona Juliana delakoaren berri: Astoaren gainean etortzen zen Aiara, eta gozokiak banatzen zituen. Oso maitatua zen herrian.

Hala, pixkanaka, Aiaren iragana eta oraina ehundu duten hariak aurkitu zituzten, eta ahoz aho zabaldutako istorioak itzalpetik argira ateratzeko abagunea sortu zuten. Esate baterako, Gabino Alustiza alkate ohiari omen txiki bat egin diote jolasean: Errepublika garaian izan zen alkate, eta Gerra Zibilean atxilotu eta fusilatu zuten, azaldu du Sainzek. Fermin Gilisagasti ainguragilea da baldosetan ageri den beste pertsonetako bat. Espioitza lanak egin zituen Herbereetan; hango teknikak Aiara ekarri, eta bertako burdinoletan landu zituen. Leon Txiki aizkolari eta apustulari famatua ere irudikatu dute; Kortaturen lan bateko azalean agertzeagatik ezaguna, eta baita Jose Miguel Maiz korrikalaria ere.

Arrizabalagaren arabera, pertsonaia historikoez gain, auzoek eta leku sinbolikoek pisu handia dute jolasean; eta gainera, ardi bakoitzean, herrian garrantzia izan duten ofizioei eta herri kirolei erreferentzia egiten zaiela nabarmendu du. Aia landa-munduarekin soilik dagoela lotuta uste dute gehienek, baina historikoki, lotura handia izan du itsas-munduarekin, eta hori ere erakutsi nahi genuen jolasean, esan du Sainzek. Itsas-munduak aiarrek izan dituzten lanbideetan eragin handia izan duela azaldu du historialariak: Adibidez, Aian itsasontziak egin izan dira Pagoetatik hartutako zurarekin, eta ontziolak zeuden Santio inguruan. Angulazale ere aritu dira asko, eta baita balearen ehizan edota arraunean ere. Harriarekin, lurrarekin eta urarekin du lotura Aiak, gehitu du Arrizabalagak.


Abiapuntua kobazuloetan
Baina Ardi Jolasean nondik eta nola hasten da hain denbora luzean eraikitako narrazio hau guztia? Zein da abiapuntua? Sainzek adierazi duenez, Altxerriko haitzuloa da taulako lehenengo laukitxoa, eta hor hasten da jolasa. 2008. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuten Altxerri. Inguruko kobazuloetan bezala, bisonteen eta oreinen margoketak aurkitu dituzte bertan, baina baita arrainenak eta hegaztienak ere. Ez dugu Aro Garaikidea soilik landu. Historiaurrea ere ukitu dugu nolabait, eta baita Erdi Aroa eta Aro Berria ere, gaineratu du historialariak.

Castelloko enpresa batek egin ditu baldosa guztiak, eta Erguinen arabera, marrazki handiak egitea eta xehetasunak nabarmendu ahal izatea ahalbidetu du formatuak. Irudi errealistak  direla iritzi du, gure ingurua erakutsi ahal izateko sortuak, gure ikuspegitik, noski.

Dena den, irudi bakoitzari txertatu dioten azalpenari garrantzia handia eman dio Sainzek: Idazten ez dena galdu egiten da. Ardi Jolasean jaso dugun kontaketa hemen jasota dago dagoeneko, betiko. Aiako garai desberdinak islatzen dituen dokumentu handi moduko bat da.

Aiako Lardizabal Herri Eskolara joan ziren jolasaren sortzaileak, eta garatutako proiektua azaldu zieten ikasleei. Hurrengo pausoa Ardi Jolasaren mahai jokoa kaleratzea izan da: Guztiok jolasaren islada bat etxean eskura izatea da asmoa, esan du Arrizabalagak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!