Nekane Arrizabalaga izango da Aiako alkatea, beste lau urtez

Karkara 2019ko eka. 19a, 11:01

Kargu-hartzean ez zen ezustekorik izan, eta Nekane Arrizabalaga (EAJ) aukeratu dute Aiako alkate, jeltzaleen sei hautetsien botoei esker.

Udalbatza berria osatzeko eta alkatea aukeratzeko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean, 19:00etan, Aian. Kargu-hartzean ez zen ezustekorik izan eta Nekane Arrizabalaga (EAJ) aukeratu dute alkate, jeltzaleen sei hautetsien botoekin. EH Bilduko bost zinegotziek Iñaki Telleriaren aldeko boza eman zuten. Hala, datozen lau urteetan ere Arrizabalagak jarraituko du alkate karguan.

Legeak dioenari jarraituz, EH Bilduko Iñaki Telleriak eta EAJko Miriam Sarasolak –zinegotzirik zaharrena eta gazteena, hurrenez hurren– osatu zuten udalbatza eratzeaz eta alkatea aukeratzeko bozketa zuzentzeaz arduratu zen adin mahaia.

Lankidetza helburu
Bozketaren ondoren, Arrizabalagak hartu zuen hitza, eta adierazi zuen "ilusioz" abiatu duela agintaldia udal gobernuak, eta "herriaren alde lan egitea" izango dela beren helburua aurrerantzean ere. Horrez gain, azken urtetan bidelagun izan dituen zinegotziei eskerrak eman zizkien Aiako alkateak, urte hauetan egin duten lanagatik.

Arrizabalagaren ostean, EH Bilduko Aitor Arregik hartu zuen hitza, eta EH Bildu lanerako prest dagoela azaldu zuen. "Eskuzabal gatoz, lanerako pronto. Hala ere, ados ez bagaude adierazi egingo dugu. Ez da ezer gertatzen. Zuek herriaren zati baten ahotsa zarete, eta gu bestearena. Beti ez gara uztartuta ibiliko, baina hasiera batean elkarrekin bidea egiten saiatuko gara. Lau urte hauetan hemen izango gara".

Ildo horretan, EH Bilduko zerrendaburu Iñaki Telleriak azpimarratu zuen, bi alderdien artean harreman ona izatea ezinbestekoa dela herriarentzat. Bat etorri zen Arrizabalaga ere, eta erantzun zuen hori izan dela Aiako EAJren jarrera beti.

Bestalde, EH Bilduko Gontzal Aldaik, EH Bildutik "benetako lankidetza" sortu nahi dutela azaldu zuen, "irekia eta parte-hartzailea". "Bidean ikusiko gara", erantzunez amaitu zuen hitzartzea Aiako alkateak. 

Zinegotzi ohientzat oroigarria
Aiako Udalean ohitura da zinegotzi izan direnei eta agintaldi berrian jarraituko ez dutenei oroigarritxoa ematea, eta alkatearen kargu-hartzea aprobetxatu zuten horretarako.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!