Giltzaiturri kobazuloa ezagutzeko irteera gidatua antolatu dute hilaren 28rako

Karkara 2019ko ira. 20a, 12:00

Pagoeta mendialdearen barnealdean dago Giltzaiturri kobazuloa. Plaza mugatuak izango dira; beraz, bertaratzeko asmoa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Hurrengo larunbatean, hilak 28, Giltzaiturri kobazuloa ezagutzeko irteera gidatua egingo dute, Iturraran parketxeko kideen eskutik. Pagoeta mendialdearen barnealdean dago leizezulo karstikoa, eta "barnekaldean dauden galeriak, pasabideak, estalaktitak eta estalagmitak ikusteko" aukera izango dute irteeran parte hartzen dutenek. Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko adituak gidatuko du bisita; hala, haitzulora sartzeaz gain, azalpenak entzun ahalko dituzte bertaratzen direnek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "zailtasun ertaineko irteera da", eta 16 urtetik gorakoei zuzendutakoa da.

Hiru orduko bisita izango da; hain zuzen, 10:00etatik 13:00etara. Bestalde, plazak mugatuak izango direla gogorarazi dute. Beraz, parte hartzeko asmoa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, 943 835 389 telefono zenbakira deituta, edota iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezu bat igorrita. 20 euro ordaindu beharko ditu pertsona bakoitzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!