PAPEREKOA

Landa eremuko medikuntza, lanbidea ulertzeko beste modu bat

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko aza. 30a, 10:30
Agirretxe, Corral eta Etxeberria bilera egiten, Aiako kontsultategian.

Berezia da Aiako osasun zerbitzua, Rosa Corral medikuak 30 urtetik gora daramatzalako herriko sendagile lanetan. Herritarrak gustura daude berarekin, baina kezkatuta ere bai, Corral ez dagoenean zerbitzua "oso murritza" delako, eta hura erretiratzen denean zer gertatuko den ez dakitelako.

Aiako osasun zerbitzuaren etorkizunarekin kezkatuta agertu dira azkenaldian zenbait herritar. Lehen mailako arreta eskaintzen duen Rosa Corral herriko medikuarekin “oso gustura” daude aiarrak, baina hura falta denean, oporrak hartzen dituenean, edo mintegiak nahiz beste mota bateko konpromiso profesionalengatik herrian ez dagoenean, zerbitzua “motz” geratzen dela uste dute askok. “Aian bi mila biztanle inguru bizi gara, eta osasun zerbitzua murritza da. Medikua egunero egoten da, baina hura falta denean, ordezko medikuak oso denbora gutxi pasatzen du herrian. Gainera, pediatra astean behin etortzen da bi ordez, eta hark kontsulta pasatzen duenean, beste medikuak atera egin behar izaten du, osasun zentroan kontsulta bakarra dagoelako”. Garai batean, haurdun zeuden emakumeei azterketa medikoa egitera emagina etortzen zela ere aitortu dute, baina azken urtetan, zerbitzua pixkanaka “murrizten” joan dela iruditzen zaie herritarrei.

Herriko farmazian ere antzeman dute herritarren haserrea. “Herriko medikuak oporrak hartzen dituenean, ordezkoak presaka etortzen dira, beren herrian ere lanez gainezka daudelako. Horrek, ezintasuna eragiten du aiarren artean, herriko medikua ez dagoenean zerbitzua okertu egiten dela ikusten dutelako. Zenbait garaitan gurera ere jotzen dute gomendio eske, ordezko medikurik ez dagoelako. Egoera hau murrizketen ondorioa da”.

Bestetik, zerbitzuaren etorkizunaren inguruko zalantzak ere badituzte zenbaitek. “Garrantzitsua herritarren oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzu eraginkorrak izatea. Oso ondo dago urtean zehar herria biziberritzeko ekintza mordoa egitea, baina aiarrok beste buruhauste batzuk ditugu, eta eguneroko zerbitzuetan arreta gehiago jarri beharko litzatekeela uste dut, herriko zerbitzuak pixkanaka txikitzen ari baitira. Lehen banketxeko bulegoa genuen herrian, baina orain gehienetan itxita egoten da, eta izapideak egiteko Oriora eta Zarautza jaitsi behar izaten dugu. Gauza bera gertatzen da medikuarekin ere”, azaldu du emakume batek. “Jakin badakigu Rosa Corral herrian den bitartean aiarrak ondo artatuak izango garela, baina hura erretiratzen denean zer gertatuko da? Ordezko medikua jarriko al digute? Rosak egiten duen bezala, baserriz baserri ibiliko al da, etxetik atera ezin dutenak artatzen?”.

Herriko osasun zerbitzuaren egoerarekin arduratuta, Aiako Udalera jo zuten hainbat aiarrek, eta gaia argitzeko lanean hasi zen udala. “Osakidetzako zuzendaritzarekin harremanetan jarri ginen herritarren kexak azaltzeko, eta Aiako osasun zerbitzua bermatuta izango dela baieztatzen duen agiri idatzia bidali digute. Horrez gain, barkamena ere eskatu dute, ordezkapenen kudeaketak sortu dituen gorabeherengatik”, azaldu du Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak. Horrela, herrian sortu diren zurrumurruak argitu nahi ditu alkateak. “Zerbitzua ona da, baina ez da perfektua, eta hobetu beharreko hutsunean ditu, beraz, erakundeen arteko hartu-emanarekin horiei irtenbidea bidaltzen saiatuko gara, denon nahia baita aiarrak herriko zerbitzuekin gustura sentitzea eta herritarren ongizatea bermatuta egotea”.

Landa medikua
Landa eremuko osasun zerbitzuak murrizketei eta hainbat oztopori aurre egin behar izan dio azken urtetan, baina badu herri handietako osasun zentroetan eskaintzen ez duten berezitasun garrantzitsu bat, “gertutasuna”. Rosa Corralek ondo ezagutzen ditu Aiako familiak eta horien beharrak. “Medikuntza ikasten hasi nintzenetik argi izan nuen, landa eremuko medikuntzan lan egin nahi nuela. Ni ere Errioxako herri txiki batekoa naiz, eta nire gurasoek harreman estua izan dute beti herriko medikuarekin. Gertutasun horretatik ulertzen dut nik medikuntza, eta ez nuen nire pazienteak zenbaki hutsak izaterik nahi. Horregatik, erabaki nuen herri txiki bateko medikua izatea”.

Aiako medikuari pazienteekin “harreman zuzena” izatea gustatzen zaio. “Gaur egun gurasoak diren asko, jaio zirenetik ezagutzen ditut. Beste hainbeste, berriz, helduak zirenean ezagutu nituen, eta gaur egun adineko pertsonak dira. Aiako familia dinamikak ezagutzen ditut, eta oso inportantea da gaixotasun asko ulertzeko. Ratioek bultzatuta, osasun etxe handietan ahazten ari da alderdi hori, baina pazientearekin gertuko harreman izatea da familia medikuaren filosofia. Herri txiki batzuetan, zorionez, oraindik mantentzen dugu medikuntza ulertzeko modu integrala, baina Euskal Herrian oso gutxi geratzen gara. Izan ere, erretiroa hartzen duten medikuen ordezko sendagile gazteei ez zaie gustatzen horrela lan egitea”.

Corralek, esaterako, hilero bisitatzen ditu, arrazoi desberdinengatik etxetik atera ezin duten herritarrak. “Hori dela-eta, urgentzia gutxiago izaten ditugu, herritarrek badakitelako noiz joango garen bertara, eta itxaron egiten dute gu iritsi arte”. Horrez gain, pazienteak beren inguruan ikusten ditu, eta hortik baliagarria den informazio mordoa eskuratzen duela aitortu du. “Herritarren baliabide, bizimodu, lanbide, elikadura eta beste hainbat faktorek beren ongizatea baldintzatzen dute. Adibidez, herritar bat ondoezik senti daiteke, baina agian ez du botikarik behar: herrian antolatzen diren jarduera desberdinetan parte hartuta eta jendearekin sozializatuta, barruan duen korapiloa askatu dezake, eta hobeto sentitu”. Azken batean, uste du, “arreta integrala” eskaintzea oso garrantzitsua dela, eta “herritarrek asko eskertzen dute gertutasuna”.

Talde lana oinarrian
Larrialdien aurrean azkar erantzuteko gaitasuna ere izaten da, anda medikuaren beste ezaugarria, . “Osasun zentro handietan mediku talde handiak izaten dituzte, eta larrialdi edo zalantzen aurrean, beste medikuak izaten dituzte alboan. Herri txikietan bakarrik egoten gara, horregatik, ezinbestekoa izaten da, medikuak eta erizainak osatzen dugun taldetxoa. Arantxa Etxeberria da Aiako osasun zentroko erizaina, eta oso harreman ona dugu; ederki egiten dugu lan elkarrekin”. Bestetik, herriko gizarte zerbitzuetako teknikariarekin hartu-eman zuzena izatea ere funtsezkoa iruditzen zaio Corrali. “Alderdi sanitarioa eta soziala oso lotuta daude, batzuetan ez baita jakiten zein alderditan dagoen pertsona batek duen gaixotasunaren sorburua. Zorionez Aian, gizarte zerbitzutako teknikari Maria Luisa Agirretxerekin taldean lan egiten dugu, eta dinamika horrek oso emaitza onak ematen dituela uste dugu”. Horrez gain, Corralek hartu-eman zuzena du ospitaleko medikuekin, eta erabaki garrantzitsuak hartu behar dituenean edo zalantzaren bat sortzen zaionean, haiengana jotzen du gomendio eske.

Bestalde, Aiako medikuak uste du, herri txikietako osasun etxeetan askoz denbora gutxiago galtzen dela gai administratiboetan eta burokrazian . “Argia hondatzen bazait ez dut eskaera formal bat egin beharrik, herriko brigadari deitzen diot eta segituan etortzen dira. Elurra egiten duenean, baserriren batera joan behar badut, eta kotxea hartzera ausartzen ez banaiz, brigadakoek eramaten naute. Udalaren partetik oso babestua sentitzen naiz, eta horregatik daramatzat hainbeste urte Aian lan egiten, talde lanik gabe eta herriko erakundearen babesik gabe ez litzatekeelako bideragarria izango hemen lan egitea”.

Herriko erakunde eta sail desberdinen arteko harremana zuzena eta estua da. “Gure lan eredua beste herrietara zabaldu ahalko litzatekeela uste dut, herriarentzat oso aberasgarria baita herritarren ongizatean parte hartzen duten eragileen artean koordinazioa izatea”.

Testuingurua aldatu da
Duela 32 urte iritsi zen Corral Aiara, eta ez zituen herria eta hizkuntza ezagutzen, baina herritarren hizkuntza ohiturez ohartu zenean, “segituan” hasi zen euskara ikasten. “Adineko jende asko bizi zen orduan herrian, eta dispertsioa ere handia zen, herritar asko baserrietan bizi baitziren. Gainera, ez zegoen internetik, baserri bakoitza non zegoen ikusteko”. Pixkanaka herria eta herritarrak ezagutzen joan zen, eta aitortu du “ahalegin kontzientea” egin zuela horretarako.

Gainera, lehen urteetan, 24 orduz lan egiten zuen lan Corralek, astelehenetik igandera, eta urtean hilabete libratzen zuen oporrak hartzeko. “Egunean bi orduz pasatzen nuen kontsulta herrian, eta etxez etxe lan egiten nuen. Beti guardian nengoen, eta kartelen bidez komunikatzen nintzen herritarrekin”. Paseatzen edo kafea hartzen ari naiz, moduko kartelak jartzen zituen kontsultaren atean. “Hala ere, jendea oso azkarra da, eta segituan ikasi zituen nire ohiturak. Ezagutzen zuten nire egunerokoa, eta bazekiten non nengoen une bakoitzean. Horrez gain, Zarautza erosketak egitera jaisten nintzenean, tramankulu erraldoi bat eraman behar izaten nuen nirekin, norbaitek larrialdi batengatik deitzen bazidan, erantzun ahal izateko. Hamarkada bat beranduago iritsi ziren lehen sakelako telefonokoak”.

Herri txiki bateko medikuek gainditu behar dituzten oztopoen gainetik, Corral “oso gustura” dago Aian, eta azken 30 urteetan lekuz aldatzeko aukera izan badu ere, herrian geratzea erabaki du. “Aian jendea oso esker onekoa da. Gogoan dut, nire seme-alabak txikiak zirenean, eta urgentzia baterako deitzen zidatenean, haurrak kotxean hartuta joaten nintzela baserrietara. Heldu orduko, nik ezer eskatu aurretik, beti familiakoren bat arduratzen zen nire haurrekin egoteaz lanean nintzen bitartean, eta ganadua edo baratza ikustera eramaten zituzten entretenitzeko. Gaur egungo mediku gazte askorentzat egoera horiek sinestezinak dira, baina nire seme-alabek eta nik garai zaharretako oroitzapen oso politak ditugu”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!