Saizar Idi Dema Txapelketako finala jokatuko dute astelehenean, Aian

Karkara 2019ko abe. 18a, 13:00

22:00etan jokatuko dute finala Aiako Izetak, Azkoitiko Isidro Erretegiak eta Oiartzungo Matxainek . 1.400 euro, txapela eta idientzako mantak jasoko ditu plaza gehien egiten dituenak

Gipuzkoako Kintopeko Ligaren laugarren edizioko finala aurkeztu zuten larunbatean Saizar sagardotegian. Finala ate joka dela, mahaiaren bueltan bildu ziren Aizarnazabalgo Aipe Probazale Elkarteko Unai Egaña Altuna, Aiako Idi Probak elkarteko Paulo Aldalur, finalean izango diren hiru demalari gipuzkoarretako bi eta azken urte hauetan Liga babestu duen Saizar sagardotegiko ordezkari Esteban Lertxundi.

Abenduaren 23an, astelehenean, izango da Gipuzkoako Saizar idi dema txapelketako final handia Aiako Dema Plazan, 22:00etan hasita.

Honako hauek arituko dira aurrez aurre lehian: Aiako Izeta, 25 punturekin sailkatua; Azkoititik Isidro Erretegia, 19 punturekin eta Oiartzungo Matxain, 15 punturekin. Hiru finalistetako batek huts egingo balu, bost punturekin sailkatuta dagoen Soarte elgoibartarrak hartuko luke haren lekua finalean.

Txapela irabazteko norgehiagoka nagusian 1.700 kiloko harriarekin aritu beharko dute idi pareek. Pisaketa, berriz, ohi bezala goizean izango da. 1.140 kilo pisatu beharko dituzte idi pareek; hortik gorako kilo bakoitzeko, kilo eta erdiko gainzama eraman beharko dute abereek.
Sariei dagokienez, 1.400 euro, txapela eta idientzako mantak eramango ditu onenak; 1.200 euro bigarren sailkatzen denak, eta 1.000 euro hirugarrenak. Horrez gain, garaikurra ere jasoko du parte hartzaile bakoitzak.