Irudietan: Ikuskizun ederra izan da Aian, aizkora eta harri-jasotze txapelketetan

Karkara 2020ko urt. 19a, 16:33

12:00etan hasita, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketa jokatu dira Probalekuan.

Herri kirol zaleek hitzordu berezia izan dute gaur Aian, urrezko aizkora eta harri-jasotze txapelketak jokatu baitira Probalekuan. Guztira, zortzi kirolari aritu dira lehian: gizonezkoen Urrezko Binakako Aizkora Txapelketan Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.a Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka, emakumezkoen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan Nerea Sorondo txapelduna eta Irati Astondoa txapeldunordea, eta, azkenik, gizonezkoen Urrezko Harri-jasotze Txapelketan Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra.

Aizkoran binaka, Mugertzak eta Txikia IV.ak egin dute denbora onena. Saralegik eta Otañok bi minutu gehiago behar izan dituzte lan guztiak amaitzeko. Gizonezkoen harri-jasotze txapelketan, aldiz, Eizak lortu du kilo gehien altxatzea. Hala eta guztiz ere, estua izan da Peñaren aurkako lehia, bost kiloren aldea atera baitio guztira zarauztarrak. Emakumezkoen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan, aldiz, Sorondok egin du denbora onena. Erlojuz kontra aritu dira lehenbizi, eta metro bateko bi enbor moztu behar izan dituzte ondoren. Sorondok bi probetan lortu du lanak Astondoa baino bizkorrago amaitzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!