Aiako pabiloi batean 15 kilo marihuana eta kilo bat haxix atzeman ditu Ertzaintzak

Karkara 2020ko ots. 4a, 17:23

Atxilotuak Ertzaintzari jakinarazi zion pabiloian dagoen kalamu elkarte bateko arduraduna dela.

Astelehenean, Ertzaintzak 31 urteko gizona atxilotu zuen Aian droga trafikoa egotzita, eta izapidea ireki zien beste hiru lagunei, ikertu gisa, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. Izan ere, Ertzaintzak jakinarazi du Aiako pabiloian 15 kilo marihuana, kilo bat haxix, 2.500 euro, hiru doitasun-balantza, eta droga ontziratzeko eta banatzeko materiala aurkitu zuela.

Antza denez, abenduan abiatu zuen ikerketa Urola Kostako Ertzain-Etxeak. Agenteak ohartu ziren egunero jende mordoa joaten zela Aiako pabiloira, eta nagusiki marihuana erosten zutela bertan. Ertzaintzak pabiloia miatzeko baimena eskatu zuen Azpeitiko Epaitegian, eta astelehenean egin zuten miaketa. Hiru lagun topatu zituzten agenteek gunean, eta horietako batek ertzainei azaldu zien pabiloian kokatzen den kalamu elkarteko arduraduna zela. Ertzaitzak azken hau atxilotu zuen, eta pabiloian zeuden beste hiru lagunak ikertzen ari da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!