Eizmendi aiarrak irabazi du emakumezkoen Euskal Herriko paleta txapelketa

Karkara 2020ko mar. 10a, 09:22

Garazi Eizmendik eta Anne Maizak lehen mailako txapela irabazi dute, eta Nahia Eizmendi eta Uxue Alberdi aiarrek bigarren mailako finala jokatu dute, baina ez dute hernaniarrei gailentzerik lortu.

Larunbatean jokatu zituzten Euskal Herriko Emakumezkoen Paleta Txapelketako finalak Mallabian (Bizkaia), eta Aiako hiru pala jokalarik parte hartu zuten. Garazi Eizmendik eta Anne Maizak lehen mailako finala jokatu zuten, eta Nahia Eizmendik eta Uxue Albenizek bigarren mailakoa.

Eizmendik eta Maizak Ainhoa Garmendiak eta Maddi Mendizabalek osatzen duten Suberri 2 bikotea izan zuten aurkari, eta partida estua izan zela aitortu dute pilotariek. Hasieratik bukaerara oso partida berdindua izan zen, baina azken zatian lau tantoko aldea ateratzea lortu zuten Eizmendik eta Maizek, eta horri eutsi zioten. Eizmendiren esanetan, «txapelketako ligaxkan bikote beraren aurka 30-28 emaitzarekin galdu genuen. Partida irabazi genezakeela bagenekien, eta errebantxa hartzeko gogoz atera ginen kantxara», aitortu du. Izan ere, lehen mailako finala jokatu zuten bi bikoteek ondo ezagutzen dute elkar, aurten Anoetako Suberri taldean jokatzen baitute laurek. «Aiako Pilota Elkarteko kidea naiz, baina aurten txapelketa Anoetako Suberri taldearekin jokatzen ari naiz. Astean behin entrenatzen dugu jokalari guztiok elkarrekin Anoetan, eta giro ederra dugu geure artean. Finalaren bezperan ere saltsa ederra izan genuen entrenamenduetan».

Lehen mailako txapelketa irabazita, datorren urtean elite mailan jokatzea gustatuko litzaioke Eizmendiri. «Hasiera batean, lehen mailako txapelketa irabazteagatik ez da elite mailan jokatzeko txartel zuzena eskuratzen. Elkarteek erabakitzen dute pilotari bakoitzak zer mailatan jokatu behar duen. Ni aurten kanpoan ikasten aritu naiz, eta paleta alde batera utzita izan dut», azaldu du. Dena dela, lehen mailako txapela irabazteak, elite mailara saltoa emateko indarra eman dio. «Datorren urteko txapelketan elite mailan jokatzeko gai naizela iruditzen zait», azaldu du Garazi Eizmendik. 

Txapeldunordeak
Nahia Eizmendi eta Uxue Albeniz pilotari aiarrek Euskal Herriko paleta txapelketako 2. mailako finala jokatuko zuten Mallabian, Hernani 2 taldearen aurka. Ez zuten garaipena lortu, hernaniarrek 30-21 emaitzarekin irabazi baitzieten.  Dena dela, lan txukuna egin zuten aiarrek, eta 20. puntura arte partidari eustea lortu bazuten ere, azken zatian ihes egin zieten aurkariek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!