Bihar egingo dute Aian 'Ongi Etorri Euskararen Herrira' egitasmoko lehen bilera

Karkara 2020ko mar. 11a, 15:27

Aiako denda, jatetxe, taberna, ostatu eta gainerako merkatari eta zerbitzuetako profesional guztiak gonbidatu dituzte saiora.

Ongi Etorri Euskararen Herrira izenburupean, euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz Urola Kosta eskualdeko turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi dute bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Inguruko bisitariei nahiz kanpoko turistei euskara ezagutarazteko helburuarekin landutako kanpora begirako ekimena bada ere, barrura begirako lanketa izango du bereizgarri proiektuak. Bereziki jorratuko da turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio lana.

Bi dira Aste Santuan abiatuko den kanpainaren helburu nagusiak: turismo-sektorean euskarari dagokion garrantzia ematea, eta gure hizkuntza eskaintza turistikoaren barruan sartzea. Hala, turismo sektoreko eragileei bideratutako saio labur eta praktikoak antolatu dituzte, herriz herri. Aian esaterako, bihar, martxoaren 12an egingo dute, 17:00etan hasita, Aiako Kultur Etxean. Kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, formazio praktikoa eskainiko zaie bertaratzen direnei.

Eskualdeko denda, jatetxe, taberna, ostatu eta gainerako merkatari eta zerbitzuetako profesional guztiei bideratutako saioak izango dira. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie parte hartzaileei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko dute saioetan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!