"Rallyetan, burua eta ideiak argi izatea da garrantzitsuena"

Karkara 2020ko mar. 12a, 09:45
Gorka Eizmendi garaipena osatzen. (Utzitakoa)

Gorka Eizmendik bosgarren postua lortu du denboraldiko lehen proban. Espainiako lur gaineko rally zirkuitua irabazteko helburua du hasi berri duen sasoian.

GORKA EIZMENDI - Rally pilotua

Bosgarren postua lortu duzu denboraldiko lehen rallyan. Zer nolako ahozaporearekin itzuli zara etxera?
Hasiera batean, podiumean sartzeko helburuarekin joan ginen Lorcara (Murtzia, Espainia), baina ez da posible izan. Autoarekin ez genuen esperotako erritmoa lortu, eta horrela zaila da aurreko postuetan ibiltzea. Dena den, gustura itzuli ginen etxera bosgarren postuarekin, sailkapen orokorrari begira puntu interesgarriak lortu genituelako.

Zein izan zen espero bezain azkar ez ibiltzeko arrazoia?
Sentsazio onak ez izatea. Autoa berria izanik, ez nintzen nahi bezain eroso sentitu, eta horregatik ibili ginen motelago. Bestalde, iazko azken karreran dezenteko istripua izan genuen, eta horrek ere urratu zuen nire konfiantza. Zertan asmatu zenuten? Uste baino motelago ibiliko ginela argi ikusitakoan, erotu beharrean, lasterketa seguruagoa egiteko erabakia hartu nuen, puntu batzuk ziurtatzeko, eta halaxe izan zen. Emaitza ona da, puntuak baliagarri izango zaizkigu denboraldi amaierara begira. 23 puntu ekarri genituen etxera. Gure aurkari zuzenek, berriz, batek 24 eta besteak bakarra. Gainera, lehen bi postuetan sailkatu ziren pilotuek ez dute zirkuitu osoa egingo; munduko kopan jokatzen duten taldeak dira, eta asteburukoa entrenamendu saioa izan zen haientzat. Beraz, gure emaitza ez da txarra.

Zein da aurtengo helburu nagusia?
Espainiako lur gaineko rally zirkuitua irabaztea. Dena den, urte bukaerara txapelketa irabazteko aukerekin iristen bagara, konforme izango naiz horrekin.

Autoa eta pilotua. Zer proportziotan izan daitezke erabakigarriak txapelketa batean?
Zaila da zehazten. Autoaren garrantzia handia da, hori garbi dago. Auto on bat ez duenak, nekez irabaziko du rallyrik. Orain, auto onena izateak, ez dizu lasterketak irabaztea bermatzen.

Auto berriarekin ekin diozu denboraldi berriari. Nolatan aldaketa?
Lehengoa oso ona zen, baina aurkari zuzenek erabiltzen dituztenekin konparatuz, zertxobait mantsoagoa. Espainiako zirkuituagatik borrokatzeko, auto hobea behar genuen, eta horregatik egin dugu aldaketa. Orain daukaguna bezalako zortzi daude zirkuituan.

Nor duzu gidarikide aurten?
Azken bizpahiru urteko bera, Diego Sanjuan madrildarra. Lehen egunetik ondo moldatu ginen, eta lasterketak ulertzeko modu bera dugu. Oso garrantzitsua da pilotuaren eta gidarikidearen artean elkar ulertzea azkarra eta ona izatea. Iazko azken proban istripu handia izan zenuela esan duzu.

Beldurrik pasatu al duzu inoiz auto barruan?
Bai, tarteka izaten dira momentu zailak. Ez dakit hitza beldurra den zehazki, baina errespetu handia bai. Gauzak ez dira beti nahi bezala ateratzen, eta muga-mugako egoera asko izaten ditugu. Zenbagarren urtea duzu rallyetan? 2016tik parte hartzen dut Espainiako lur gaineko rally zirkuituan. Euskadikoan 2009an hasi nintzen, baina oso serio hartu gabe. Orain nabilen mailan, lauzpabost urte daramatzat.

Zer asmo dituzu aurrera begira?
Rally munduan zaila da gora egitea; batez ere, kirol oso garestia delako eta babesle handiak behar direlako. Oraingoz, aurtengo denboraldirako bakarrik dut kontratua, eta ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengoan. Dena dela, etorkizunari begira, orain nagoen mailan ahalik eta urte gehien egiten saiatuko naiz. Hau nire gozamenerako egiten dut, eta abentura bukatzen denean, kito.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!