Hiru lagun atxilotu dituzte Aian, droga trafikoa egotzita

Karkara 2020ko api. 17a, 16:55

Ertzaintzak 600 marihuana landare atzeman zituen asteazkenean Aiako industrialde bateko pabilioi batean. Hozkailu batean 20 kilo marihuana ere aurkitu zituen, hainbat tamainatako pakete txikitan banatuta. Atxilotuetako batek azaldu zien marihuana elkarte bateko arduraduna dela.  

Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, asteazken goizean 19 urteko emakume bat eta 29 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Aiako lurretan dagoen industrialde batean. Izan ere, pabilioi batean 600 marihuana landaretik gora atzeman zituzten, baita 20 kilo marihuana ere, izoztuta, eta 300 gramo eta kilo bat arteko pakete txikietan banatuta. Droga trafikoa egotzita atxilotu zituzten hirurak.

Ertzaintzaren arabera, herri-zainketa lanak egiten ari ziren ertzainek kasualitatez ikusi zuten pabilioiko atea irekita zegoela, eta inguruan inor ez zutenez ikusi, pentsatu zuten lapurreta bat izan zitekeela. Ertzain gehiagoren laguntza eskatu, eta barrua miatu zuten. Haien arabera, sartu orduko marihuana usain handia nabaritu zuten, eta bulego gisara zegoen eremu baten atzean aurkitu zuten plantazioa, baita horren zainketarako erabiltzen den tresneria ugari ere. Eta han zeuden atxilotutako hiru pertsonetatik bi ere. Horiek ertzainei esan omen zioten plantazioa zaintzeaz eta hura ondo mantentzeaz arduratzen zirela, eta bertan pasatzen zutela gaua. Handik gutxira, hirugarren atxilotua agertu omen zen, arduraduna zela esanez, eta azalduz Pasaiko marihuana elkarte bateko arduraduna zela. Dena dela, hirurak atxilotu zituzten, droga trafiko delitua leporatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!