Irrikaz hartu dute igerilekua aiarrek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 8a, 09:28

COVID-19aren pandemiak Aiako igerilekuaren eraberritze lanak atzeratu bazituen ere, asteburuan ireki ditu ateak, eta aiarrak "oso gustura" dira bertan egin dituzten berrikuntzekin.

Argazkiak: Aritz Mutiozabal

 

Udaberrian hainbat astez etxetik atera ezinik egon ondoren, herritarrak eguraldi onaz gozatzeko irrikaz daudela argi ikusi zen asteburuan, Aian.  Ostiral arratsaldean ireki zuten igerileku eraberritua, eta larunbatean, goizean goizetik, giro ederra izan zen bertan. Igerilekuko kudeaketaren arduradun Manex Esnalen esanetan, "aiarrak igerilekua ireki zain zeuden, eta asteburuan eguraldia lagun izan dugunez, jende asko etorri da. Igerilekuaren denboraldiari hasiera emateko modu paregabea izan da, inolaz ere".

Aurten, gainera, hainbat berrikuntzekin ireki ditu ateak Aiako igerilekuak. Alde batetik, irisgarritasuna hobetzeko zenbait lan egin dituzte. "Lehen igerilekura jaisteko sarbide bakarra zegoen, eta nahiko aldapa malkartsua zenez, mugikortasun arazoak genituenontzat zaila izaten zen igerilekura iristea. Orain,berriz, alboko zelaia ahalbidetu dute aldapa irisgarriagoa egiteko, eta aurrerapauso garrantzitsua izan da, gurpildun aulki, adineko edo ume-kotxeek inolako arazorik gabe heldu baitaitezke igerilekuraino". Bestetik, haurren igerileku txikia ere gune irisgarria bihurtu dute, eta jolas-parkea ere jarri dute bertan.

Aspaldikoa zen igerilekua irisgarriagoa bihurtzeko eskaria, eta 2020ean lehen fasea egitea erabaki zuen udalak. Dena dela, lanak bete-betean harrapatu zituen COVID-19aren pandemiak, eta horrek atzeratu egin du irekiera. "Lanak eten behar izan zituzten langileek konfinamenduan, eta osasun larrialdi egoeraren eraginez ere, atzeratu egin da igerilekuen irekiera. Guk, esaterako, orain arte ekainaren hasieran ireki izan dugu beti", azaldu du Esnalek.

Aiarrak pozik
Aiarrak oso gustura daude igerileku eraberrituarekin, eta aurtengo udan edukiera %60koa izango bada ere, igerilekura joateko irrikaz daude. Hala, denboraldiko bonuak salgai jarri zituzten lehen egunetik jendetza hurbildu zen igerilekura.
Eneritz Erkiziaren iritziz, "herritik atera gabe, haurrekin gozatzeko aukera eskaintzen du igerilekuak, eta oso gustura gaude berriz aterak ireki dituelako. Haurrak zain-zain zeuden, eta udan zehar igerilekuaz gozatzea tokatuko zaigu orain", azaldu zuen.

Erkiziaren iritzi berekoa da Joseba Sanchez ere, eta azken hilabeteetan, igerilekuko lanak arretaz jarraitu dituztela aitortu du. "Ez genekin lanak udarako bukatuko zituzten. Uste dut igerilekua behar-beharrezkoa dela herrian, eta irrikaz hartu dugu irekiera. Gu ostiral arratsaldean bertan etorri ginen, eta igerilekua zabaldu dela ospatzeko pintxo-potea antolatu zuten arduradunek. Giro bikaina dugu igerilekuan lehen egunetik".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!