Txapeldunorde izan da Maialen Manterola aiarra Zarauzko Emakuzkoen XII. Paleta Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 25a, 09:00
(Aritz Mutiozabal)

Azken emaitzak (30-13) bestelakoa irudikatzen badu ere, lehiakorra izan zen benetan ostegun arratsaldean jokatu zen Zarauzko Emakumeen XII. Paleta Txapelketako finala. Ainhoa Lakuntza zizurkildarrak eta Irati Tolosa zarauztarrak lortu zuten garailearen txapela, baina Saioa Iraola zarauztarrak eta Maialen Manterola aiarrak osatutako bikoak ez zizkieten gauzak batere erraz utzi, eta azken unera arte borrokatu zuten finaleko parte-hartzaileek.

Partida nagusiaren aurretik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka izan zen jokoan. Jone Iruretagoiena eta Mireia Aizpuru zarauztar gazteek eskarmentu handiko bikote bat izan zuten aurrez aurre, Garbiñe Tijero hernaniarra eta Alaitz Badiola azpeitiarra, eta, osteguneko lehian, esperientzia gailendu zen. Tijero-Badiola nagusitu ziren 30-17ko emaitzarekin, Iruretagoiena-Aizpururen aurka.

Zinema pilotalekuan jokatu zen, ateak publikoari itxita, baina parte-hartzaileen gertukoek bertaratzeko gonbidapen berezia izan zuten. Era berean, bertan izan ziren Zarauzko Udaleko Kiroletako zinegotzi Leire Arana eta Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!