"COVID-19aren aurkako arauak zorrotz errespetatzeko eskatu nahi diegu Aiako Igoerara etortzen diren ikusleei"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abu. 20a, 11:39

Larunbat goizean hasiko da motorraren festa Aian. Gozategi Plazan egingo dituzte ikuskapen teknikoak 09:00etatik 12:30era. 13:30ean, errepidea itxiko dute eta, 14:30ean, hasiko da lehenengo entrenamendu txanda.

Larunbat goizean motorrak martxan jarriko dira Aian, Lagun Artea Eskuderiak eta Andatza auzoko bizilagunek Andatzatik Aiara XII. Igoera antolatu baitute egun horretarako. Probak ibilbide luzea egin du dagoeneko, baina aurtengoa desberdina izango da, COVID-19aren aurkako araudia betetzea izango baita parte hartzaileen eta ikusleen erronkarik garrantzitsuena.

Larunbat goizean hasiko da motorraren festa Aian. Gozategi Plazan egingo dituzte ikuskapen teknikoak 09:00etatik 12:30era, eta bertan egiaztatuko dute ibilgailuek ezinbesteko segurtasun arauak betetzen dituztela. 13:30ean, errepidea itxiko dute eta, 14:30ean, hasiko da lehenengo entrenamendu txanda. Erlojuaren aurka lau kilometro inguru dituen ibilbidea bete dute parte hartzaileek. Guztira, lau txanda osatu beharko dituzte; lehenengo biak entrenamendu saioak izango dira, eta epaileek beste biak hartuko dituzte kontuan sailkapenerako. Hala, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan bi txanda ofizialetako denborak puntuagarriak izango badira ere, igoerako sailkapena osatzerakoan pilotu bakoitzak egin duen denborarik onena aintzat hartuko da.

Zalantzarik gabe ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izango da larunbatean Aian, baina proba arrakastatsua izatea bertan biltzen diren guztien ardura izango dela argi utzi nahi dute antolatzaileek. Aurtengo edizioan COVID-19aren aurkako borroka txapelketa bezain garrantzitsua izango da, eta igoeran zehar COVID-19aren aurkako araudia bete dadin lanean dihardute antolatzaileek. Segurtasun neurri zorrotzak jarraitu beharko dituzte bertaratzen diren guztiek. "Lasterketan zehar boluntario lanetan arituko garen guztioi tenperatura hartuko zaigu, eta higiene arauak bete beharko ditugu uneoro. Horrez gain, lasterketa aurretik ibilgailuak pabilioi itxi batean egongo dira, eta bertara parte hartzaileek soilik sartu ahal izango dute. Eremu horretara sartuko diren kide guztiei, gainera, tenperatura hartuko zaie eta higiene neurriak bete beharko dituzte", azaldu du Arkaitz Iruretagoiena antolatzaileak.

Horregatik, antolatzaileek eskatu diote publikoari arauak errespetatzeko eta eremu seguruetan kokatzeko. "COVID-19aren aurkako arauak zorrotz errespetatzeko eskatu nahi diegu Aiako Igoerara etortzen diren ikusleei. Denok maskara jantzita eraman beharko dugu, eta jende pilaketak ekiditea garrantzitsua izango da. Dena dela, ibilbidean zehar egongo da nahikoa leku proba segurtasun tarteak errespetatuz ikusteko".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!