"Andatzako elkartea ezinbesteko topagunea da auzotarron eguneroko bizitzan"

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 26a, 18:26

Andatzako auzotarrentzat, aisialdirako eta kultur jarduetarako elkargune bizia da auzo elkartea, soziedade gastronomikoaz gain. Azken osasun neurriek auzoan eta elkartean izan dezaketen eraginaz aritu da Arkaitz Iruretagoiena elkarrizketan.

Soziedade gastronomikoa izateaz gain, zer erabilpen gehiago ematen zaio elkarteari?
Auzoari bizi handia ematen dio, eguneroko bizitzan funtzio desberdinak betetzen dituelako. Eraikinari dagokionez, batetik soziedadea dugu, eta bestetik, erabilpen anitzeko gelak: ludoteka, film emanaldiak egiteko txokoa, ikasgela bat, pilates eskolak hartzeko tokia...

Horretaz gain, elkarteak berak urtero hainbat ekimena antolatzen ditu: Gabonetan umeentzako gauzak, auzo eguna, erromeriekin ere laguntzen dugu, auzoko festak... Bestelakoak ere bai. Lehengo urtean, adibidez, DYArekin elkarlanean lehen sorospen ikastaroa egin genuen. Denetik.

Zer nolako mugimendua izaten da han astegunean?
Haurrak ludotekan izaten dira egunero, eta gurasoak soziedadean egoten dira kafea hartzen haien zain. Bestalde, badira ikasketak etxetik egiten ari diren ikasleak auzoan, eta elkarteko gela bat erabiltzen dute horretarako. Gero, bada lanera joan aurreko kafea elkartean hartzen duen inor, edo bazkaria han egiten duena, lantokian beharrean. Auzotarren bizimoduan bilgune garrantzitsua da.

Oraingo neurriekin, soziedadea itxi duzue.
Hala da, bai. Gure kasuan, soziedade horrek taberna edo kafetegiaren funtzioa ere egiten du, eta itxita dagoenez, zenbait jende, tartean gurasoak, nora joan jakin gabe geratzen dira arratsaldetan. Gaurko eguraldi kaskarrarekin, adibidez, etxean geratuko dira, arratsaldea han pasa beharrean.

Gazteei dagokionez, gauero han elkartzen dira, auzoan ordu horretan ez dagoelako tabernarik, eta orain ez dute non juntatu.

Soziedadea itxi arren, elkarteko gainontzeko gelak irekita daude?
Oraingoz bai, baina ez dakigu noiz arte. Batzuetan kosta egiten da atera dituzten neurriak ulertzea; zer egin daitekeen, zer ez, eta zer ireki edo itxi behar den jakitea. Oraingoz, kontrakorik esaten ez badigute behintzat, hala jarrituko dugu.

Auzoan koronabirus kasu gutxi detektatzen dela kontutan hartuz, zaila izango da halako erabakiak onartzea.
Bai. Nik uste dut, legeak ondo zorroztu eta mugekin bada ere, elkarteek zabalik egon behar dutela, tokian tokiko egoerak kontuan hartuz. Hala ere, ulertzen dut zaila dela zehaztasun maila horretara iristea agintarientzat, ez dute lan erraza.

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!